Begoña Vicario | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Caracas, 1962ko martxoaren 3a (62 urte) |
Herrialdea | Bizkaia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | animatzailea, unibertsitateko irakaslea eta film-zuzendaria |
Enplegatzailea(k) | Euskal Herriko Unibertsitatea |
María Begoña Vicario Calvo (Caracas, Venezuela, 1962ko martxoaren 3a -) bizkaitar zinemagilea da, batez ere animazioa lantzen duena. Animazio irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean.
Begoña Vicario Caracasen jaio zen, 1950eko hamarkadan familiak hara emigratuta; berak urtebete inguru zeukala, Euskal Herrira etorri ziren. Aita argazkilaria zuen; laborategia zeukan etxean, eta Vicario harekin ibiltzen zen, argazkiak errebelatzen. Horren eraginez, zaletasun handia izan du beti artegintzarekiko. Gainera, animazio txekiarra ikusten zuten etxean, objektuekin egina eta sinbolismo handikoa: "Kikarak, ezpain-zapiak mugitzen ikustea magikoa iruditzen zitzaidan". Marrazki bizidunak, berriz, ez zaizkio inoiz hainbeste interesatu: "Marrazkiak irrealak dira, eta, beraz, animazioan bere medio naturalean mugitzen dira. Zinea trikimailua da, baina trikimailuaren barruan truku errealagoak egon daitezke."
Arte Ederrak ikasi zituen, eta han ohartu zen ez zuela jardun gura garai hartan ikus-entzunezkoek eskaintzen zituzten ohiko alorretan, hots, kazetaritzan eta publizitatean. Hizkuntzak gustukoak zituela-eta, errusiera ikasten hasi zen, eta Moskun egin zuen egonaldi batean animatzaileak egokitu zitzaizkion etxean; "bizitzaren opari bat", azaltzen du berak. Vicariok dioenez, "herentzia oso potentea" ekarri zuen handik.
Animazio Teknikak Gasteizko Diseinu Zentroan eta Moskuko Poit Estudioan ikasi zituen. Zinemagintzan 1993. urtean hasi zen, orduan zuzendu baitzuen lehenengo lana, Geroztik ere izenekoa. Bertan, poliziak etxea miatu ondoren emakume batek bizi dituen ondorio psikologikoak aztertu zituen. Hiru urte geroago Zureganako grina egin zuen, giza harremanei buruzko irudikapena. Hirugarren laburra ere 1996. urtean filmatu zuen; gaztelaniaz egindako Pregunta por mí (1996) lanak etorkin afrikar baten kezkak islatu zituen, eta 1997an animazioko Goya Saria irabazi zuen. 2011n Haragia eta 2016an Tarzan ez zen horren guay eta Beti bezperako koplak eta 2017an Areka (2017) izan dira bere proiektuak,
Begoña Vicario Euskal Herriko animazioko film laburren zuzendari berritzaileenetako bat da. 1988tik, irakasle dihardu EHUko Arte Ederren fakultatean, eta bere tailerra animazio esperimentalaren alorreko artista gazteen harrobia da. Gainera, artikulu andana bat idatzi du, eta hainbat jardunalditan parte hartu du. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak sorturiko 10 ekarpen bildu dira.