Belgikako gastronomian frantziar eta herbeheretar gastronomien eragina nabarmena da, bai eta azken urteotan iparraldeko Afrikakoarena edo Ekialde Hurbilena ere. Ohikoa da belgikarrak gourmands (frantsesez) edo bourgondiërs (nederlanderaz) direla esatea. Honela, belgikarrek ondo eta asko jatea gustuko dutela esan nahi dute, edariaz eta janariaz izugarri gozatzen dutela. Izengoitia antzinako Borgoinako dukeen gortetik datorkie, luxuzkoa izateaz gain otordu oparoak ere egiten zuena.
Belgikak Frantziak beste biztanle bakoitzeko Michelin izar ditu.
Belgikarrek hiru otordu nagusi egiten dituzte: gosaria, bazkaria eta afaria. Bere sukaldaritzak eskualdeko eta garaiko produktu eta osagaiak erabiltzen ditu. Hori dela eta, hainbat diferentzia daude eskualdeka: adibidez, kostaldeko menuetan arrainak eta muskuiluak nagusiak dira eta, Ardenetan, berriz, ehiza-produktuak. Era berean, flandriarrek eta valoniarrek bere errezeta propioak garatu dituzte.
Charles de L'Écluse flandriarrak (1526-1609), latinez Carolus Clusius deitua, Belgikatik eta Europako beste herrialdeetatik patataren hedapenean paper nabarmena izan zuen. Harrezkero, patata belgikar sukaldaritza baserritarraren jaki nagusi bihurtu zen. Hala ere, askotan aingirak, Ipar Itsasoko izkirak, muskuiluak, ehiza, urdaiazpikoa, endibia zuriak edo fruituak (madariak, marrubiak, sagarrak...) jaten dituzte. Supermerkatuek produktu asko eta kalitatedunen aukera zabala dute.
Esaera batek Belgikan Alemanian beste janari eta Frantzian bezain ona zerbitzatzen dutela dio. Gainera, herrialde elebiduna (frantziar eta nederlandar hiztun) izanda, jantokietako menuetan platerek izen elebidunak izan ohi dute.
Belgikan patatak behi-gantzetan edo oliotan frijitzen dituzte. Maionesa osagai nagusia duen fritessaus bezalako saltsekin hartzen dituzte. Patatak hartzeko frietkot (nederlanderaz) edo friterie (frantsesez) izeneko lekuetara joaten dira, herriguneetan izan ohi direnak.
Askotan, ez dute patatak bakarrik jaten: Mitraillette edo metraileta izeneko ogitartekoak patataz gain saltxitxak eta saltsa ere baditu.
Belgikak laurogei gazta-barietate baino gehiago ekoizten ditu, horietako batzuk Jatorri deitura (adibidez, Fromage de Herve) dutenak. Bost motakoak dira: urdina, erdi-gogor, gogor, berri eta leun. Batzuetan azkenburuko moduan hartzen dute.
Hona hemen gaztarik ezagunenak: Passendaele, Beauvoorde, Lo, Wijnendale, Floreffe, Maredsous, Damme, Orval, Limburger, ahuntz-gazta, maquée, eta abar.
Belgikar txokolatea nazioartean ezaguna da. Artisauek kakao-gurin baino ez dute erabiltzen bere txokolatea egiteko eta gobernuak “Ambao” zigulua erabiltzen du bere kalitatea kontrolatzeko.
1912an Jean Neuhausek bonboiak asmatu zituen eta, hiru urte geroago, tenperatura mantentzeko kutxa. Egun mota askotakoak egiten dituzte.
Gin flandriar jatorria duen alkoholdun edaria da. Garagar eta zerealez dago %30 batean osaturik. Jenever izeneko edarian oinarrituta, herrialdeko enpresarik ezagunena Filliers da. Hasselt hirian museo nazionala du eta urrian gin-jaialdiak ospatzen dituzte.
Belgikak garagardo-barietata handia du: abadetxekoak, trapakoak edo bereziak. Belgika herrialde txikia izanda ere, 1.000 garagardo ezberdin baino gehiago ditu eta baita enpresa asko ere (Duvel, Maredsous, Vedett, Jupiler, Stella Artois, Hoegaarden, De Koninck, Rodenbach...). Garagardo bakoitzak, gainera, bere edalontzia du.
Belgikak gozoki bereziak ere baditu, ezagunenak cuberdon, speculoos (edo spekulatius) edo mattentaart pastela direnak.
Cuberdon mugurdi zaporea duen bonboi bat da. Flandrian neuzeke (edo sudur) diete. Speculoos gurinezko gailetak dira. Mattentaart, berriz, hostore-talo bat da, Geraardsbergenen bere jatorri deitura duena.
Eguberrietan cougnou (frantsesez) edo volloard (nederlanderaz) izeneko briochea tipikoa da oso.
Europako herrialdeen gastronomia | ||
---|---|---|
Oharra: Zerrenda honetan Europako herrialde (estatudunak eta estatugabeak) gehienak ageri diren arren, baliteke baten bat ez agertzea. Hori horrela bada, mesedez, gehitu ezazu txantiloian. Eskerrik asko. |