Detective Story (euskaraz Detektibe Istorioa), 1951ko William Wyler estatubatuarrak zuzendutako zinema beltzeko drama film bat da. Sidney Kingsley estatubatuar antzerkigilearen Detective Story (1949) antzezlean oinarritua dago. Kirk Douglas, Eleanor Parker, William Bendix, Cathy O'Donnell, George Macready, Gladys George, Joseph Wiseman, Lee Grant eta Gerald Mohr aktoreek antzeztu zuten.
Oscar Sarietarako lau izendapen izan zituen: Zuzendari onenaren Oscar Saria (William Wyler), Emakumezko aktore onenaren Oscar Saria (Eleanor Parker), Emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar Saria (Lee Grant) eta Egokitutako Gidoi onenaren Oscar Saria (Robert Wyler eta Philip Yordan).
AEBetako New York hiriko Manhattan barrutian dagoen polizia komisaldegiko bateko eguneroko gorabeherak deskribatzen dira. Jim McLeod (Kirk Douglas) detektibeak krimenen bat burutzeaz susmagarriak diren edozeinengandik informazioa eskuratzeko metodo gupidagabeak erabiltzen dituen gizasemea da.