Gosete

2008ko egoera munduan: Gorriz eta laranjaz, herrialderik kaltetuenak.

Gosetea elikaduraren gabezia dagoen muturreko egoera da. Hainbat faktorek eragin dezakete, tartean gerrak, inflazioak, uzta txarrak, biztanleria arazoek edo gobernuen politikek. Fenomeno honen ondorioz sortzen dira malnutrizio, ahuleria, epidemiak eta hilezkortasuna handitzea. Kontinente guztietan eman dira goseteak historian zehar. XIX. eta XX. mendeetan orokortua izan dira goseteak Asiako hegoaldean eta hego-ekialdean eta Europako ekialde eta erdialdean. 2000ko hamarkadan zehar goseteek eragindako heriotza kopurua jaitsiz joan zen.

Askotan lotuta dago gerrekin, hondamendi naturalekin edo pobrezia eta giza garapen eza dituen eskualdeekin. Saharaz hegoaldeko Afrikan, bereziki, gosete kasu larriak daude oraindik ere. 2010etik aurrera Afrika izan da gosete gehien jasan dituen kontinentea. 2017an Nazio Batuen Erakundeak gosete arriskua zegoela adierazi zuen 20 milioi pertsonentzat Hego Sudan, Somalia, Nigeria eta Yemenen. Nekazaritzaren egoerak eragin zuzena du, bereziki klima eta eguraldiari lotuta, eta gerrek janariaren banaketa zailtzen dute. Gaur egungo gosetearen aurkako programa gehienek Afrika laguntzeko helburua dute.

Definizioa

2013ko mapamundia.

Nazio Batuen irizpideen arabera, jende askok nutrizio arazoak baldin baditu ere elikagai eskasia dela eta, goseterik ez dago ez bada ematen hilezkortasun, malnutrizio eta gose kopuru zehatz batzuk. Irizpide hauek honakoak dira:

  • Eremu bateko etxebizitzen %20ak janari eskasia du eta eskuratzeko arazo larriak.
  • Umeen malnutrizio larriaren kasuak %30 baino gehiago dira.
  • Heriotza-tasa bi pertsona 10.000 biztanleko eta eguneko baino handiagoa da.

Gosete bat egoteak ez du inolako loturarik sortzen NBEko estatu kideen artean, baina arazoaren gaineko ezagutza eman eta laguntza bideratzeko aukerak eskaintzen ditu.

Historia

Historiako goseterik handienen erregistroa.

Nekazaritza sortu zenetik gizakia biziraupen-nekazaritza eredu batean bizi izan da, eta horrela gizarte askok goseteak pairatu dituzte. Goseteen maiztasuna eta intentsitatea aldatu dira historian zehar, janarien eskariaren, populazio hazkuntzaren eta klima-aldaketen ondorioz. Goseteak kendu zituzten lehen herrialdeak Herbehereak eta Ingalaterra izan ziren XVII. mendean, nekazaritza-teknika berrien eta merkataritzari esker, emankortasun handiagoa eman zuten neurriak. Hala ere, XVIII. mendean oraindik ematen ziren hainbat gosete, urtekoak, herrialde horietan.

Goseteak gutxitzea Ingalaterra eta Herbehereetan

XVI. eta XVII. mendeetan feudalismoa erortzen hasi zen, eta ondasun gehien zituzten nekazariak hasi ziren, leku askotan, euren lursailean itxiturak egiten, eta lortzen zituzten produktuen soberakina saltzen. Lurjabe kapitalista hauek laborariak diruarekin ordaintzen hasi ziren, nekazal-gizartearen likidezia handituz. Aldi berean, itxiturek nekazari txiki eta abeltzain asko lanerako lekurik gabe utzi zituzten, hirira bidaliz, lurren kontzentrazioa oraindik gehiago handituz, eta komunala erabilera pribaturako erabiliz. Euren janariak sortzen ez zituzten hiritarrak geroz eta gehiago izanda, lanaren produktibitatea hobetzeko teknikak etengabe saritu ziren. Lurjabearen interesekoa zen ahalik eta gehien produzitzea bere lurzoruan, gehiago saldu ahal izateko. Helburua urtero soberakin gehiago izatea zen; batzuetan, lurrik gabeko nekazariei eremurik txarrenak alokatzen zitzaizkien, produkzioaren zati finko baten truke.

Biziraupen nekazariak euren produktuak saltzera bideratzen zituzten geroz eta gehiago, zergak geroz eta handiagoak baitziren. Zerga horiek Antzinako Erregimenean produzitutakoaren parte baten gisa kobratzen ziren, baina Erregimen Berrian dirua eskatzen zitzaien, beraz saltzea zen aukera bakarra diru hori lortu ahal izateko. Ondorioz, nekazari batzuek industrian erabili ahal izateko landareak ekoizten hasi ziren, dirua lortu ahal izateko zergak ordaintzeko, bitartean euren biziraupena ziurtatzeko landareak ereiten zituzten bitartean. Nekazarien artean zebilen diruarekin produktuak erosten ziren, merkataritza eta putting-out sistema indartuz. Berrikuntza hauetako batzuk XVI. mendean sortu baziren ere, XVII. mendean indartu ziren eta XVIII. mendean orokortu.

1590ko hamarkadan egoera hau nahikoa garatua zegoen Holandako probintzia aberats eta komertzialean, garaian Mendebaldeko Europan egon zen goseteari aurre egin ahal izan ziola. Garai horretan, Herbehereek zuten Europako nekazaritza-sistemarik komertzialena. Lihoa, kalamua eta lupulua ere landatzen zituzten, sortzen ari zen industrian erabiltzeko. Nekazaritza geroz eta espezializatua eta eraginkoarragoa zen. Ondorioz, XVI. eta XVII. mendeetan Europako urbanizazio prozesurik azkarrena eman zen bertan. Ondorioz, produktibitatea eta aberastasuna handitu ziren, janari ekoizpena mantentzeko gaitasuna emanez.

1650ean, Ingalaterrako nekazaritza komertziala zen eskala handi batean. 1623-24an izan zen Ingalaterrako azken bake garaiko gosetea. Baziren, oraindik, gosea ematen ziren garaiak, Herbehereetan bezala, baina ez zen gosete orokorrik egon. Abeltzaintzarako erabiltzen ziren komunaletan itxiturak egin ziren erabilera pribaturako, eta etxalde handiak sortu ziren. Paduren drainatzea, lurren erabilera efizienteagoa eta landare industrialen sarrera geroz eta ohikoagoa zen. Ingalaterran aberastasuna handitu zen honela, urbanizazio handiagoarekin. XVII. mendearen amaieran Ingalaterrako nekazaritza zen Europako produktiboena. Ingalaterran zein Herbehereetan populazioa egonkortu zen 1650 eta 1750 artean, nekazaritzan aldaketak eman ziren garai bera. Europan zehar, ordea, goseteak ohikoak ziren. Ekialdeko Europan XX. mendera arte goseteak eman dira.

Erreferentziak

  1. Kelly, James. (1992). «Scarcity and Poor Relief in Eighteenth-Century Ireland: The Subsistence Crisis of 1782-4» Irish Historical Studies 28 (109): 38–62. (Noiz kontsultatua: 2017-12-08).
  2. (Ingelesez) «Subscribe to read» Financial Times (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
  3. (Ingelesez) «First famine declared since 2011» BBC News 2017-02-20 (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
  4. a b c d Pontón, Gonzalo. La lucha por la desigualdad : una historia del mundo occidental en el siglo XVIII. ISBN 9788494769429. PMC 1013725800. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  5. «Economic Manuscripts: Capital Vol. I - Chapter Twenty-Seven» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  6. Thompson, E. P.. (2016). Making of the English Working Class.. Open Road Media ISBN 1504022173. PMC 936199434. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  7. Bieleman, Jan.. Dutch agriculture in the Golden Age, 1570-1660.. PMC 942864163. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  8. (Ingelesez) Curtler, William Henry Ricketts. A Short History of English Agriculture. Etusevi Company ISBN 9781450515030. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
  9. (Ingelesez) Burns, William E.. (2001). The Scientific Revolution: An Encyclopedia. ABC-CLIO ISBN 9780874368758. (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).

Ikus, gainera

Kanpo estekak