Neil Percival Young (Toronto, 1945eko azaroaren 12a), nortasun handiko abeslari eta musikari kanadarra da, azken lau hamarkadetako garrantzitsuenetakoa eta emankorrenetakoa. Rocka, popa, folka, countrya, soula eta bluesa nahastu ditu bakarkako zein taldeko lanetan (Crosby, Still, Nash & Young, The Buffalo Springfield). Artistaren musikak eta protesta-mezuak, egun, inoiz baino indar handiagoa du.
Kontzertuak hirutan eman ditu Euskal Herrian, lehenengoa 1987an Bilbon bigarrena 2009an Donostian eta azkena 2013 Biarritzen.
Toronto hirian jaio zen. Kazetarien semea da, izan ere aita kirol kazetaria izan zen eta musika oso gustuko zuen. 14 urte zituela banandu egin ziren gurasoak eta Winnipeg herrira joan zen bizitzera amarekin. Musika zen Neil gaztearen zaletasun nagusia, eta, gitarra jotzen ikasi zuen.
18 urte zituela, Neil Young Torontora bueltatu zen. Rick James musikaria ezagutu zuen Kanadako hiri horretan, eta, The Mynah Birds taldean jotzen hasi zen. (Bruce Palmer taldeko baxu-jolea zen).
Kaliforniako kostaldera joan ziren Bruce Palmer eta Neil Joung The Mynaho Birds banda banandu zenean. Furay, Stills eta Dewey Martin lagunekin topo egin zuten bi gazteek Los Angelesen, eta, Buffalo Springfield taldea osatu zuten. (Folk-rocka eta country-rocka landu zuen bandak)
1968an banandu zen taldea eta, gutxira, Neil Young (1969), bakarkako lehen lana, kaleratu zuen musikariak. Lan bikain horren ostean, Everybody Knows This Is Nowhere (1969) publikatu zuen, Crazy Horse taldearekin grabatutakoa.
Hamarkadaren amaieran, Stills & Nash talde ezagunean jotzen hasi zen, eta, 1970. urtean Deja Vu kaleratu zuten, "Helpless" abesti ezaguna jasotzen duen lana. Urte berean, After The Gold Rush argitaratu zuen, kritika oso onak izan zituen bakarkako hirugarren lana. 1971n, baina, Crosby, Stills & Nash taldea utzi zuen Kanadako artistak, Four Way Street zuzenekoa kaleratu eta gero.
1972an Harvest publikatu zuen, disko-salduenen zerrendetan lehenengo postuak bereganatu zituen lana. Urte berean, Journey Through The Past diskoa merkaturatu zuen, eta, 1973an Times Fades Away zuzenekoa. Garai horretan hiru lan bikain kaleratu zituen Crazy Horse taldearekin: On The Beach (1974), Tonight Is The Night (1975) eta Zuma (1975). 1970eko hamarkadaren bigarren zatian lan hauek argitaratu zituen: American Stars 'n Bars (1977), Decad (1977), Comes a time (1978) eta Rust Never Sleeps (1979).
1980ko hamarkadan merkaturatutako diskoen maila baxuagoa izan zen: Hawks & Doves (1981), Re-Ac-Tor (1982), Trans (1983), Everybody's Rockin (1983), Landing On Water (1986), Life (1987), Reprise (1988) eta Freedom (1989).
1990eko hamarkadan argitaratutako lanak, berriz, kalitate handikoak dira: Ragged Glory (1990), Harvest Moon (1992), Sleeps With Angels (1993) eta Mirror Ball (1994). Weld (1991), Unplugged (1993), Lucky Thirteen (1993), Dead Man (1996), Broken Arrow (1996), Year Of The Horse (1997), Looking Forward eta Silver & Gold (2000) zuzeneko bikainak ere kaleratu zituen.
2002an Are You Passionate? argitaratu zuen, 2003an Greendale, eta, 2004an Greates Hits. 2005ean Youngek buruko aneurisma izan zuen eta ebakuntza egin eta gero Nashvillera joan zen bizitzera. Urte berean Prairie Wind grabatu zuen, eta, 2006an Living With War, Irakeko gerra salatzen duen diskoa.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Neil Young |
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Neil Young |