On Kixote Mantxakoa | |
---|---|
On Kixote Mantxakoaren 4. argitalpeneko azala. | |
Datuak | |
Idazlea | Miguel de Cervantes (1605) |
Argitaratze-data | 1605 eta 1615 |
Generoa | Abenturazko eleberria |
Jatorrizko izenburua | El ingenioso hidalgo don Quijote de la Mancha |
Hizkuntza | Gaztelania |
Argitaletxea | Francisco de Robles (en) eta Juan de la Cuesta (en) |
Herrialdea | Espainia |
OCLC | 1020679308 |
Euskaraz | |
Izenburua | Mantxako Don Kijote |
Itzultzailea | Pedro Berrondo |
Argitaratze-data | 2005 |
ISBN | 8497971191 |
On Kixote Mantxakoa (gaztelaniaz: Don Quijote de la Mancha, izenburu osoa: El Ingenioso Hidalgo Don Quijote de la Mancha) Miguel de Cervantes espainiar idazle ospetsuaren idazlan nagusia da. Bi zatitan argitaratu zen, lehenbizikoa 1605ean eta bigarrena 1615ean. Aditu askoren arabera, historiako eleberririk onenetako bat da. Munduko hainbat hizkuntzatara itzulita dago, tartean euskarara; halaber, ugari izan dira zinemara eraman dituzten liburuaren bertsioak.
On Kixote Mantxakoa zalduntza liburua da, alegia, Erdi Aroan arrakasta handia izan zuen zaldun eta printzesei buruzko estilokoa. Hala ere, Cervantesek XVII. mendean idatzi zuela kontuan hartuta, ondorioztatzen da gai horiek metaforikoki baliatu zituela beste kontzeptu batzuk helarazteko.
Eleberriaren lehen partea, 1591 inguruan idatzia, El ingenioso hidalgo don Quijote de la Mancha izenburuarekin argitaratu zen 1605ean; bigarrena, Lemosko kondeari eskainia, El ingenioso caballero Don Quijote de la Mancha tituluarekin kaleratu zen 1615ean.
Istorioak ez du korapilo handirik: On Kixote, zalduntza liburuen zale den aitoren seme bat, erotu egin da, zalduna dela uste du, eta hiru bider irten da bere herrixkatik abentura bila, etxera itzuli behar duen arte; gaixoturik, bere senera etorri, eta kristau zintzo baten moduan hil da. Ez du, beraz ez argumentu nahasirik, ez suspentse dei daitekeenik ere: irakurleari ez zaio uzten ero baten istorioa irakurtzen ari dela ahanzten eta eroak arrazoia berreskuratzen duenean, eleberria bukatu egin da .
Eromenak On Kixote hiru ondorio faltsutara darama eta horiexetan daude protagonistaren kasu patologikoaren funtsa eta eleberriarena:
Kontuan izan behar da zalduntza liburuak, XVII. mendean, «entretenimendu handiko eta probetxu eskaseko» fikzio gisan definitzen zirela. Bestalde, Erdi Aroko eta XVI. eta XVII. mendeko gaztelar idazleak «historia» eta «kronika» hitzak modu berean erabiltzen zituzten asmakeriazko kontakizunak nahiz benetan gertatuak izendatzeko; hala, On Kixote-ko pasarte askotan eztabaidatzen dira gezurrezko gauzen kontaera eta benetako gauzena. On Kixotek, gizon jantzia baina eroa izanik, heroitzat zaldun bat zuten liburu guztiek egia kontatzen zutela uste zuen.
Osagai miragarrizko ibilerak eta gertaerak oso iragan urrunean eta lurralde exotikoetan kokatzea zen zalduntza liburuen ezaugarria. Cervantesen helburua liburu horien irakurketa galaraztea zen; hortaz, On Kixote ez da zalduneriaren edo zaldunen idealen satira, aitzitik, XVI. mendean asko irakurtzen zen genero baten parodia da. Liburu haien estilo zaharkitu eta puztuaren parodia, eta pasadizoen, gertaeren eta egituraren beraren parodia ere egiten du. Bere asmoa, liburu haiek baztertzea, osorik bete zuen Cervantesek: On Kixote agertu ondoren, behera egin zuten, guztiz desagertu arte, genero horretako liburuen argitalpenek. Literatura kritika izan zitekeen hark, ordea, Cervantesen antze eta trebetasunari esker, goragoko maila bat iritsi zuen, eta orobat esanahi eta transzendentzia iraunkorra, bere garaia eta bere gertalekua gainditu baitzituen On Kixote-k.
Kixoteren irudiak irakurlea bereganatzen du: gizon zintzoa, bihotz onekoa eta argia izanik, gehiago sentitzen baitu irakurleak haren porroten garraztasuna, komikotasuna baino. Cervantesek, ordea, hirugarren irtenaldian, benetako abentura batera atera zuen protagonista eta han ikusten da ez duela behar diren adorea eta heroismoa gertaerek hala eskatzen dutenean. Horregatik, zentzua berreskuratzea da irtenbidea: sendatutakoan, protagonista Alonso Quijano zintzoa da, berriz ere, eta uko egin die bere amets ero eta heroismoz beteei.
Lehen partean eta bigarrenean, egitura nahiko desberdina da. Lehen partea askotan eteten da, kontakizun nagusian beste batzuk tartekatzen direlako, hari nagusiarekin zerikusirik gabeak. Eten horiek kritikatu zituztelarik, bigarren mailako istorio horiek bigarren partean ezabatu egin zituen Cervantesek, liburuaren 74 ataletan bere protagonistak abandonatu gabe.
Lehenengo irtenaldia liburuaren gainerakoarekin erkatuta oso bestelakoa da, zeren, Santxo Panza agertu ez delarik, ez baitago haietan nagusiaren eta morroiaren arteko elkarrizketarik. Baina bi protagonisten hizketaldiek liburuko kapitulu osoak betetzen dituzte gero eta, maiz, ezer gertatu gabe, buru argitasunaren, umore onaren eta zorroztasunaren agergarri dira. Haien ahoetatik ateratzen diren ameskeriek eta iritziek bestelako deskribapen prozeduren ordezko bikainak dira.
Hitz egiteko moduak bakantzen ditu pertsonaia nagusiak: zein eta nolako pertsona den, argota, erudizio hanpatua, hizketa jasoa, herrikoia... darabil. Pertsonaiak dira eleberriaren aberastasunik handienetako bat. Badira guztiz asmatuak eta bere garaiko tipoak direnak, Santxo Panza, adibidez; badira literaturatik hartuak eta errealitatetik hartuak; Cervantes bera agertzen da lehen partean, eta liburua bigarrenean.
Estiloa asko aldatzen da, ekintzaren arabera: bada artzain estiloa, estilo pikareskoa, moriskoa, ereduzko eleberri direlakoen antzekoa... Oratoriaren baliabideak ere ageri dira eta, orobat, gutun generokoak. Beti ere, Cervantesen estiloak bi alderdi nagusi ditu, jantzia eta tradizionala, gaztelar prosan usadiozkoa zen bezala, La Celestinatik hasita eta, batez ere, Amadis de Gaulari jarraiki; azken hori gaztelaniazko zalduntza liburua da, prosa zehatz, zorrotz eta ederrean idatzia, bere garaian irakurriena eta Cervantesek sarrien aipatzen duena. Cervantes kontalariak prosa hori beretu eta gainditu egin zuen.
Ez da ahaztu behar, sakona eta garratza izanik ere, umorezko liburua ere badela On Kixote. Umore ona eta grazia darie liburuko orri guztiei. Izkirimiri, hitz joko eta adierazpen xelebreez gainera, ironia da nagusi haren estiloan, tituluetatik hasita xehetasunik txikieneraino. XVI. mendean filosofoen, moralisten eta elizgizonen eraso etengabeak jasan zituzten zalduntza liburuek; baina ironiak eta isekak lortu zuten liburu kaltegarri haiei izena kentzea.
Cervantesen ospeak, eta On Kixote-renak bereziki, ez du inoiz beheraldirik izan. Kaleratu zen urtean bertan, 1605ean, sei argitaraldi egin ziren; 1612an itzuli zen ingelesera, eta 1614an frantsesera. Alemanez XVII. mendearen erdialdean agertu zen, eta 1622an italieraz. Lehen komentarioak, dirudienez, Charles Jarvis ingelesak egin zizkion bere XVII. mendeko argitalpenean, nahiz eta XVIII.ean hasi zen ingeles kritika obraren aberatsaz ohartzen, Henry Fielding bereziki (haren Tom Jones-en ageriko eragina du). Alemaniar erromantizismoak, XVIII. mendearen bukaeran, obraren balio filosofikoak eta sentimentalak azpimarratu zituen (Lessing, Schlegel, Herder, Goethe, Heine, etab.). XIX. mendean zehar On Kixotek zerikusi handia izan zuen errealismoaren arrakastan: Manzoni, Dickens, Stendhal, Flaubert, Pérez Galdós, Gogol, Dostoievski, beste askoren artean, Cervantesen zordun dira. Errusiar literaturan ere funtsezko eredua izan zen: 1769an itzuli zen aurreneko aldiz errusierara, eta Turgenievek saio bat eskaini zion (1818-1883), oraindik ere baliagarriak diren ideia sail zabal bat biltzen dituena.
On Kixote-ren gaineko espainiar kritikak, XIX. mendean, mistizismora jo zuen oro har, atzerritarren lanak kontuan hartu gabe. Espainian, kaleratu zen garaian, zalduntza liburuen parodia huts baten moduan irakurri zen On Kixote; eta erromantizismoarekin hasi ziren azpimarratzen eleberriak gordetzen dituen zentzu transzendenteak. Ildo horretatik, oso garrantzitsua izan zen Unamunok bere Vida de don Quijote y Sancho (1905, «On Kixoteren eta Santxoren bizitza») liburuan egindako interpretazio bitalista. Geroztik, obra bere giroan kokatzen ahalegindu da kritika, metafisikako auzietatik urrun; hortaz, aipagarria da adibidez Ramón y Cajal histologoaren Psicología de Don Quijote y el quijotismo (1905, «On Kixoteren psikologia eta kixotismoa») lana. Ez da zaila espainiar eleberrigile modernoenetan, oraindik ere, Cervantesen oihartzuna aurkitzea (Luis Martín-Santos). William Faulknerek Kontalarien Biblia esaten zion, eleberriaren historia ez baita, ezin baita izan, On Kixote-ren komentario ezin saihestuzkoa baino.