Ostruka | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Struthioniformes |
Familia | Struthionidae |
Generoa | Struthio |
Espeziea | Struthio camelus |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Mugimendua | bipedalism (en) |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | ostrich egg (en) , ostrich plume (en) eta ostrich meat (en) |
Masa | 1,5 kg (pisua jaiotzean) arra: 115 kg (helduen pisua) emea: 100 kg (helduen pisua) |
Kumaldiaren tamaina | 7,4 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Errute denbora | 42 egun |
Genomaren kokapena | dnazoo.org… |
Ostruka (Struthio camelus) hegaztirik handiena da. Afrikako basamortu eta sabana eremuak kolonizatu ditu. Hiru azpiespezie ditu eta Struthio generoaren barnean diren bi ostruka espezieen artean ugariena da. Bestea ostruka somaliarra (Struthio molybdophanes) da.
Ratiteen ondorengoak dira. Ratiteak Kretazeoan edo Tertziarioaren hasieran agertu ziren. Egun, Ozeanian bizi dira talde horretako kideak. Ostruka 70 km/h-ko abiaduraz lasterka egiteko gauza da.
Afrikako sabana lehor eta sasi lehorretan bizi da, beren habitateko tenperatura aldaketa bortitzei eusteko gai baitira: hain zuzen ere, gauean -15°C izaten da inoiz, eta goizean, 45°C. Aurrez Arabiar penintsulan eta Ekialde Hurbilean ere izan ziren ostrukak, baina XX. mendearen erdialdera iraungi ziren, gehiegizko ehizaren erruz.
Populazioen % 90 Hego hemisferioan bizi da; aintzina, Afrikan ez ezik, Ekialde Hurbilean ere hedatuta zeuden, ordea. Ekuatoreko lerrotik iparraldera azpiespezie bakarra bizi da (populazio osoaren % 10), galtzeko arriskuan dagoen bakarra, Ekuatoretik hegoaldera bizi diren gainontzeko azpiespezieak kezka txikiko egoeran baitaude.
Gaur egun, mundu zabaleko rantxoetan ere hazten dira, bereziki Australian. Herrialde hartan hainbatek ihes egin dutenez, ostruka basati multzoak dabiltza hara eta hona, Australiako eremu lehorretan.
Ostruka munduko hegazti handiena da. Ar heldua 3 metroko garaierara irits daiteke (batez bestekoa 2,75 m da) eta 63 eta 145 kg arteko pisua izan ohi du. Masai ostruka azpiespeziea ohiko ostruka baino zerbait handiagoa izaten da. Aurkitu den handienak 156,8 kiloko pisua zuen. Arrak emeak baino handiagoak dira.
Ostrukak buru txikia du, gorputzeko gainontzekoarekin konparatuz gero. Begiak oso handiak dira, 50 mm-ko diametrokoak, lurreko ornodunen artean handienak: harrapariak urrutitik ikusteko balio diete. Gainaldean estalki bat dute, eguzki izpietatik babesten dituena. Buruak 12-14,3 cm besterik ez du, mokoa ere kontuan hartuta. Mokoa zapala eta zabala da eta ertz biribiltsua du. Lepo luze eta fina dute. Sexu bietan biluzia da, luma txikien geruza fin bat baino ez duena. Emeak arrosa kolore argia izaten du eta arrak, grisa edo arrosa, azpiespeziearen arabera.
Arren gorputza luma beltzez estalita dago. Hegoetako luma primarioak zuriak dira eta buztanekoak ere bai. Emeek eta ar gazteek luma marroi-grisak dituzte. Hego-zabalera 2 metrokoa izan daiteke. Bularrezura laua da, ordea, eta hegaztiek gihar hegalariak txertatzen diren gila hezurra falta du. Horregatik ezin du hegan egin.
Hankak luze eta sendoak ditu. Hegazti gehienek hanka bakoitzean hiru behatz dituzte, baina ostrukek bi baino ez. Behatz luzeenean kako itxurako erpe bat dute. Hanka gihartsu horiek korrika egiteko egokituta daude, baita harrapariengandik defendatzeko ere, ostiko gogorrak eman baititzakete. Hegaztien arteko tartso (hankaren azken segmentua) handiena dute, 39-53 cm luzerakoa, ezkatez estalia: arrek gorriak dituzte eta emeek, beltzak.
Belarjalea da, baina ez erabat: izan ere, aditu batzuek orojale gisa sailkatzearen alde agertu dira. Belarrak, fruituak eta sustraiak ez ezik, karraskari txikiak, narrasti eta hegazti txikiak zein sarraskiak ere jaten ditu. Hori bai, haien elikaduraren ehuneko urrian, oinarrizko jakiak belarrak, sustraiak eta zenbait fruitu dira.
Ostrukak, hegazti guztiek bezalaxe, ez dauka hortzik eta mihia mugimendu urrikoa da. Horrela, jakia bere mokoarekin eztarriraino mugiarazten du, osoa irensteko. 210 ml inguruko boloa sortzen du eta lepoan zehar arandoira iristen da. Bertan harri txintxarren eta hondar aleen laguntzaz janaria txikitzen du.
Hainbat egun biziraun ditzake urik edan gabe, elikagaietan eskuratutakoa, ur metabolikoa eta aireko hezetasunaz baliatzen da horretarako. Deshidratazioz gorputzaren pisuaren % 25 galtzea ere onar dezake.
Arrek sexu heldutasuna 2-4 urte artean lortzen dute; emeek, 6 hilabete lehenago.
Araldia maiatzean izaten da, eta garai horretan arren lepo luzea gorrixka jartzen ohi da, testosterona kontuengatik. Garai horretan arrak emeak gorteiatzen saiatzen dira dantza eta mugimendu eder zein arretatsuekin. Ar bat 3-5 emerekin ugaltzeko gai da ugalketa garaian. Arra kabia egiteaz arduratzen da, eta egin ostean, eme nagusiak (3-5 emeetatik nagusi bat hautatzeaz arduratzen da arrak) arrautzak erruten ditu. Egun batzuk pasa ostean, beste emeek (kabia egin duen arrarekin ugaldu direnak) kabi berean arrautzak erruten dituzte.
Inkubazio eta arrautzen zaintzaz arra eta eme nagusia arduratzen dira: gauez, arra eta egunez, emea.
Gauean, inkubazio arduraz jarduten diren ar guztiek beren kabien zaintza eta posizioa uneoro (alternantziarekin) elkarri aldatzen diote inkubazio eta zaintza aktibo eta kolektibo bihurtuta, baina horrek arriskuak ere sorrarazten ditu, besteak beste, kabi batzuk zaintzarik gabe geratzen direlako, horrek dakartzan ondorio latz guztiekin (harraparien hatzaparretan erori edo hotzez hil).
Ostrukak 30-40 urte bitartean bizi dira, baina gatibutasunean 60 urtera hel daitezke. Errekorra 62 urte eta 7 hilabetetan dago.
Arrautzak 1-2 kiloko pisua du (24 oilo-arrautzaren parekoa) eta 25 cm luze izaten da: hegazti guztien artean, munduko arrautzarik handiena da. Zuri-horixka da, eta ustez, kolore hori Afrikako sabana lehor eta beroetan ez kiskaltzeko moldaketa ebolutibo berezia da.
Eme bakoitza gai da bere arrautzak habia komun batean bereizteko. Kabi bakoitzak 40 arrautz izaten ditu, eta horietatik 30 bat jaiotzen dira. Txitek jaiotzean 25-30 zentimetro bitarteko garaiera dute eta 900 gramoko pisua. Beige kolorea izaten dute, orban marroiez apainduak.
Ostrukak handia izan arren harrapari potentzial ugari ditu; gepardoa, lehoia, leopardoa, likaona, hiena pikarta eta Niloko krokodiloa. Hegan egiten ez badu ere lasterkari bikaina da, 70 km/h-ko abiadura har baitezake. Gepardoek abiadura hori gainditzen dute eta arrek talde lanean erasotzen diete. Gauean egiten dute erasoa, ostrukaren ikusmena eskastu egiten dela aprobetxatuz. Joera hau Kalahari aldeko gepardoetan ikusi da, Afrikako beste eremuetan salbuespen kasuak baino ez dira erregistratu. Edozein kasutan harrapariek ostruka ehizatzea ekiditen dute, abiadura azkarra, zelatari bikaina eta ostiko gogorrak ematen dituelako, hala lehoiek, leopardoek, likaonek...
Ostrukaren lau azpiespezie ezagutzen dira, baina bat galduta dago jadanik.
Bosgarren azpiespezie bat ere izan zen, Struthio camelus molybdophanes, hego Etiopian, ipar Kenyan eta Somalian. 2000. urtetik aurrera espezie desberdindua kontsideratzen da, ostruka somaliarra (Struthio molybdophanes)
Iparraldekoa (S. c. camelus) |
Hegoaldekoa (S. c. australis) |
Ekialdekoa (S. c. massaicus) |
Arabiakoa (†) (S. c. syriacus) |
---|---|---|---|
Duela 5.000 urteko kulturetan (Mesopotamia, Egipto) dagoeneko agertzen dira ostruken irudiak. Bitartean Kalahariko ehiztari-biltzaileek ostruka arrautzak erabili zituzten ura gordetzeko, goikaldean zulo bat eginda. Irudiak grabatuta dituzten arrautzak aurkitu dira. Kristautasunak ere hartu zen ostrukaren arrautzaren irudia.
Erromatarren garaian ostrukak hazten ziren haien arrautzak eta lumak oso preziatuak bihurtu baitziren. Lumak oso erabiliak izan ziren hurrengo mendeetan ere kapelatako apaigarri gisa, goren klasetako agintari eta nobleetan bereziki, eta XVIII. mendean ia iraungi zen. XIX. mendean berriz hasi ziren ostrukak hazten lumak ekoizteko. XX. mendean 700.000 ostruka zeuden haztegietan mundu mailan ondorioz Lehen Mundu Gerran merkatua kolapsatu egin zen. 1970. hamarkadan haragitarako eta larruazala eskuratzeko berrekin zitzaion ostrukak hazteari.
Afrikan ohikoa da ostruka lasterketak egitea, gainerako tokietan zaldi lasterketak egiten diren antzera.
Ostrukak arriskua somatzen dutenean burua hareatan ezkutatzen duten ideia oso okerra da. Plinio Zaharraren idatzi batetatik sortu zen ideia hori. Ostrukak burua hareatan sartzen badu arandoirako harri txintxarrak eta hondar ale sendoak eskuratzeko izaten da, edota arrautzak jartzeko habia egiten ari delako. Orokorrean gizakiarengandik ihes egiten du, harraparitzat hartzen baitu, baina ihesbide gabe aurkitzen bada ostiko gogorrak eman ditzake. Berdin gertatzen da kumeak edo bere lurraldea zaindu behar badu ere.
Gizakiek hazitako ostrukek maiz egiten dizkiete gorteiatzen dantzak haien hazitzaileei eta ez ondoko ostrukei.
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: ostruka . |