Pahlavi dinastia

Irango Estatu Inperiala
کشور شاهنشاهی ایران
Keshvar-e Shāhanshāhi-ye Irān
1925 – 1979
Monarkia konstituzionala
bandera

armarria

Geografia
HiriburuaTeheran
Ekonomia
DiruaIrandar riala
Kultura
Hizkuntza(k)Persiera
ErlijioaXiismoa
Historia
Aurrekoa
Kajar dinastia
Ondorengoa
Irango behin-behineko gobernua

Pahlavi dinastia (persieraz: دودمان پهلوی‎) Irango errege dinastia izan zen, 1925-1979 bitartean agintean egon zuena. Reza Shah-ek sortu zuen 1925ean, Kajar dinastia eraitsi ondoren. 1979an amaitu zen, Khomeinik Muhammad Reza agintetik kendu eta islamiar errepublika aldarrikatu zuenean.

Historia

1921ean estatu-kolpe batek Reza Shah Pahlaviri eman zion aginpidea; 1925ean, Pahlavi dinastia sortu zuen, eta xah izendatu zuten. Reza Shah-en agintaldian zenbait berrikuntza egin ziren: gudarostea, osasun-zerbitzu berriak, komunikabide-sarea (lehen burdinbidea), ikastetxeak-eta sortu zituen. Erlijio-fanatismoari aurre egin nahirik, txadorra erabiltzea debekatu zuen 1935ean, eta Persia izenaren ordez Iran izena eman zion estatuari 1934an. Bigarren Mundu Gerran Reza Shah-ek alemaniarrekiko erakutsi zuen jaiera zela eta, lurraldea hartu zuten sobietarrek eta britainiarrek (1941). Reza erbesteratu eta haren seme Muhammad Reza Pahlaviri utzi zion aginpidea.

Muhammad Reza Pahlavi

Gerra ostean, Muhammad Rezak Mendebaldeko estatuen alde egin zuen, eta Britainia Handiarekin eta Sobietar Batasunarekin hitzarmenak izenpetu zituen. Gobernu hark alderdi marxistaren, erlijio-indarren eta Mohammad Mossadegh-en Nazio Frontearen kontrako jarrerei aurre egin behar izan zien. Mossadegh-ek, 1951ean lehen ministro kargua lortu zuenean, petrolio-ustiapena (britainiar konpainia baten mendean zegoena) nazionalizatu zuen; xah-a britainiarren monopolioarekin segitzearen alde agertu zen, eta erbestera joan behar izan zuen. Berehalako estatu-kolpe batek, Estatu Batuen laguntzaz, aginpidean ezarri zuen berriro; handik aurrera, Estatu Batuen eragina gero eta handiagoa izan zen Iranen, britainiarren kaltetan.

1960. urtetik aurrera Reza Pahlavik berrikuntza batzuk bultzatu zituen (Iraultza zuria): nekazaritza eraberritzeko neurriak hartu zituen, basoak eta larreak nazionalizatu zituen, emakumeari botoa emateko eskubidea eman zion, eta alfabetatze-kanpainak bultzatu zituen. Berrikuntzak gorabehera, barne-egoerak ez zuen hobera egin eta gobernuaren kontrako jarrerak gero eta gogorragoak ziren. 1979ko urtarrilaren 16an xah-ak erbestera joan behar izan zuen.

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (PDF) 182. arauaː Dinastien izenak. .
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. a b Iran. Lur hiztegi entziklopedikoa, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2017-3-25).

Ikus, gainera

Kanpo estekak