Txekiera (čeština, český jazyk) Txekian hitz egiten den eslaviar taldeko hizkuntza ofiziala da. Hamabi milioi hiztun ditu eta latindar alfabetoaz idazten da. Hurbilen dituen hizkuntzak eslovakiera eta poloniera dira.
Historia
Txekierazko lehen idazlanak XIII. mendekoak dira. Jan Husek eta moraviar anaiek ortografia finkatu eta hizkuntza aberastu zuten. XVI. eta XVII. mendeetan, ordea, alemana nagusitu zitzaion. XVIII. mendean, nazio sentimenduaren eraginez, berpiztu egin zuen: Pragako unibertsitatean txekierazko hizkuntz eta literatur katedra bat sortu zen eta Dobrovskyk eta Jungmannek hizkuntza modernoaren gramatikaren eta hiztegiaren oinarriak jarri zituzten.