Władysław Stanisław Reymont (Kobiele Wielkie, Łódź, 1867ko maiatzaren 7a - Varsovia, Polonia, 1925eko abenduaren 5a) poloniar idazlea eta eleberrigilea izan zen.
Kobiele Wielkie herri txikian jaio zen, Radomskotik hurbil. Eraikuntzako langilea, jostuna eta antzezlea izan zen idazten hasi aurretik. "Jasna Gora-rako erromesaldia", egunkari baterako egin zuen artikulu bati esker egin zen ezagun. Ondoren, Komediantka (1896, "Komedia egilea"), Spotkanie (1897, "Topaketa") eta Ziemia obiecana (1899, "Agindutako lurraldea") kontakizun-liburuak idatzi zituen. Gizarte industrialaren sorreraren zailtasunak aztertu zituen obra horietan.
Bestela, Chłopi (1904-1909, lau liburuki; "Nekazariak") obra handia izan zen idazlearen maisulana eta horri esker, 1924an, Literaturako Nobel saria jaso zuen.
Harenak dira, halaber, "Ameslaria" (1911); Wampir (1911, "Banpiroa"); Rok 1794 (1913-1918, hiru liburuki; "1794. urtea") eta "Frontearen gibelean" (1919) kontakizun-liburuak.