Yahoo! Groups

 Yahoo! Groups
Jatorria
Egilea(k)Yahoo!
Sorrera-urtea2001
Ezaugarriak
Kokapena
JabeaYahoo!
groups.yahoo.com
Yahoo!-ren logotipo zaharra Groups, 2009tik 2013ra erabilia.

Yahoo! Groups interneteko eztabaida-foroen gune handienetako bat izan zen, 2001 eta 2020 urteen artean iraun zuena.

Eztabaida-foroak

Eztabaida-foroena kontzeptu hibridoa zen, posta elektronikoko zerrenda baten eta interneteko foro baten artekoa.

Funtzionamendua

Zerrenda guztiak antzera erabiltzen ziren:

  • Kide guztiei mezu bat bidaltzeko, zerrendaren_izena_izena @yahoogroups.com helbidera bidali.
  • Zerrendara harpidetzeko, edozein mezu bidali [email protected] helbidera.
  • Zerrendatik harpidetza kentzeko, edozein mezu bidali [email protected] helbidera.
  • Eguneko mezu guztiak email bakarrean jasotzeko, edozein mezu bidali [email protected] helbidera.
  • Zerrendaren webgunea bisitatu zitekeen helbide honetan: www.groups.yahoo.com/group/zerrendaren_izena

Yahoo! Groupsen eztabaida foroetan, mezuak posta elektronikoz irakur eta bidal zitezkeen; baina baita taldearen web orrian ere, foroetan bezala. Gainera, kideek bazuten emailak indibidualki edo eguneroko bildumetan jasotzeko aukera.

Taldeak sortzerakoan, sarbide publikokoa izatea aukeratu zitekeen; edo bestela kideentzat bakarrik.

Praktikan, talde batzuk iragarki-ohol bezela erabiltzen ziren, taldeko moderatzaileek bakarrik argitaratzeko aukerarekin; beste batzuk, berriz, eztabaida-foro oso biziak ziren.

Yahoo! Groupsen zerbitzuan bidalitako mezuak artxibatuta gelditzen ziren, harien jarraipena ahalbidetuz. Bestalde, ezaugarri gehigarriak zituen talde bakoitzarentzat: hasiera-orri bat, mezuen biltokia, inkestak, egutegi-iragarpenak, artxiboak, argazkiak, datu-baseko funtzioak eta markatzaileak.

Taldeetako partaideek egin zezaketena:

  • Mezuak: webgunearen bidez edo posta elektronikoz bidal zitezkeen.
  • Argazki-albuma (100 GB): albuma / miniatura egituran antolatuta.
  • Fitxategien biltegia (100 MB): edozein fitxategi-formatu gorde onartzen zelarik.
  • Inkestak: kideek aukera anitzeko galderak sor zitzaketen.
  • Datu basea: hamar taula arte, bakoitza mila errenkada eta hamar zutabe artekoak.
  • Kideen zerrenda ikustea, oinarrizko informazioarekin.
  • Egutegia: ekimenak pranifikatzeko.
  • HTML kutxa.

Yahooko taldeen "jabeek", berriz, eskumen bereziak zituzten:

  • Gonbita: kide berriak posta elektronikoz gonbidatzeko.
  • Kideak onartzea eta ezabatzea.
  • Mezuak onartzea eta ezabatzea.
  • Aukerak: taldearen hasierako orria, pantaila-testua, etab. editatzea.
  • Posta moderazioa: eztabaiden moderazio zorrotzagorako.
  • Web-aren publikotasuna aldatzea.

Bilakaera

1990 hamarkadaren amaieran, Yahoo konpainiak interesa erakutsi zuen gorantz zihoazten online komunitateen fenomenoan. 1998an, Yahoo! Club izeneko webgunea sortu zuen, zentzu horretan. Lehendik existitzen zen posta-zerrenda webgune bat (eGroups) erosi ostean, 2001ean Yahoo! Groups 2001an aurkeztu zen.

2001ean, Yahook helduen edukidun taldeak bilaketa publikoetatik at utzi zituen; honek "Euskalpornoteka" foroari eragin zion, besteak beste.

2006. urtean, Yahoo! Groupsen taldeen txat-funtzioa eten zuen; 2011an berreskuratuko zen.

2010ean, harpidetutako talde guztien azken 24 ordutako mezuak email bakarrean jasotzeko aukera aktibatu zen. Gainera, diseinu aldaketa bat egin zitzaion (Facebooken oso antzerakoa bihurtuz). Urte berean, Japonian zerbitzua emateari laga zion.

2019ko urrian, Yahook iragarri zuen Yahoo! Groups zerbitzuan edukiak gehitzea galeraziko zuela, eta bertan artxibatutako eduki guztia ezabatuko zuela urte horren amaieran. Horrela, pixkanaka, zerbitzu guztiak deuseztuz joan ziren eta erabiltzaileek azken aukerak izan zituzten bertako materiala gordetzeko, edo beste nonbaitera eramateko.

Horrenbestez, 2020ko otsailera arte interneteko eztabaida-foroen gune handienetako bat izandako Yahoo! Groups desegin zen. Une horretan, Yahook online sarrera eta bestelako zerbitzuak eten zituen; funtsean, taldeak posta-zerrenda huts bihurtu ziren. 2020ko urrian, berriz, Yahook iragarri zuen abenduaren 15etik aurrera Yahoo! Groups gunea erabat deuseztuko zuela. Data hori baino egun batzuk geroago itxi zen webgunea, zerbitzua eten zela zioen mezu bat eskegiz. Mezu hori 2021eko urtarrilera arte agertu zen; eta ondoren, helbidea Yahooren webgune nagusira berbideratu zen.

Milaka talde groups.io-ra joan ziren. Alegia, eGroups sortu zuen Mark Fletcherren negozio txikira. Beste erabiltzaile askoren aktibitatea sare sozialetara igaro zen.

Erabiltzaile kopurua

2008an argitaratu zenez, urte horretan 113 milioi pertsonak erabiltzen zuten Yahoo! Groups, 22 hizkuntzatan.

2010ean, 10 milioi talde zeuden, eta 115 milioi pertsonak erabiltzen zuten.

Euskal foroak

Yahoo! Groupsen barruan, hainbat eztabaida-foro izan ziren euskal gaiei buruz, haietako asko eGroups garaitik zetozenak. Besteak beste:

  • Bardulia: Euskal Herriko protohistoria. Rodrigo de Luz historialariak moderatua, paleohizkuntzalari askoren bilgunea izan zen, maila handiko eztabaidekin. Hango mezuek utzitako aztarna oraindik erreferentzietatik jarrai daiteke.
  • Basque-genealogy: Blas Pedro Uberuaga "Buber"ek sortua, nagusiki euskal sustraien bila ari ziren diasporako euskaldunak biltzen ziren bertan. Martxan jarraitzen du groups.io webgunean.
  • Dantzan: euskal dantzei buruz. 2004an beste sistema batera migratu zuen.
  • Eibartarrak zerrenda: Garikoitz Araolazak, Eneko Astigarragak eta Luistxo Fernandezek sortua, 1998an eGroupsen hasi zen, Yahoo! Groupsen jarraitu, eta 2004an beste sistema batera migratu zuen.
  • Euskal Diaspora Taldea: diasporako euskaldunak Euskal Herrikoekin biltzen zituen foroa. Gazteleraz sortua, denborarekin frantsesez, ingelesez eta euskarazko adarrak sortu zituen. Politikoki oso aktiboa, bere ekarpenik handiena atzerriko euskaldunen alderdiez gaindiko ikuspegia izan zen, Euskal Herrian ere eragina izan zuena. 2009 inguruan, Euskal Diaspora Taldeko foroetako kide askoren aktibitatea sare sozialetara bideratu zen.
  • Euskalpornoteka: Juan Luis Fernandez Gutierrezek sortua, argazkiak, olerki erotikoak, pelikulen kritika, aktore pornoen biografiak biltzen zituen.
  • Irratilibre: Markina-Xemeingo Eup! irratitik sortua, Euskal Herriko irrati libreen arteko harremana bultzatu nahi izan zuen. 2001ean amaitu zen, Arrosa Irrati Sarea sortzearekin batera.
  • ItzuL: euskal itzulpengintza, EIZIEk sustatua. 2004an beste sistema batera migratu zuen.
  • Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea.

Erreferentziak

  1. Conder, Bob (February 1, 2001). "Yahoo! Groups Moderator News - January 2001". Groups.io. https://groups.io/g/ncns/message/68
  2. Kleinbard, David (June 28, 2000). "Yahoo! to buy eGroups". CNN. Retrieved April 4, 2021. https://money.cnn.com/2000/06/28/technology/yahoo
  3. Hu, Jim (January 2, 2002). "Yahoo buys email list service eGroups in stock deal". CNET. Retrieved November 20, 2010. http://news.cnet.com/Yahoo-buys-email-list-service-eGroups-in-stock-deal/2100-1023_3-242517.html
  4. "Yahoo! Completes eGroups Acquisition" (Press release). Yahoo!. August 31, 2000. Archived from the original on October 17, 2000. Retrieved April 3, 2021. https://web.archive.org/web/20001017213955/http://docs.yahoo.com/docs/pr/release588.html
  5. Yahoo Closes Chat Under Pressure. 2011-01-04.
  6. Yahoo! Groups Blog » Beta Group Chat Live. 2012-04-01.
  7. "Yahoo! Groups Japan" (in Japanese). yahoo.co.jp. Archived from the original on December 19, 2013. Retrieved December 22, 2013. https://web.archive.org/web/20131219032801/http://info.groups.yahoo.co.jp/
  8. «Understand what's changing in Yahoo Groups | Yahoo Help - SLN31010» web.archive.org 2019-10-17 (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  9. (Ingelesez) Pearson, Jordan. (2019-10-16). «Yahoo Groups Is Winding Down and All Content Will Be Permanently Removed» Vice (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  10. (Ingelesez) Brown, Dalvin. «Yahoo Groups is shutting down: Act soon or lose all your old photos, message history» USA TODAY (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  11. "Yahoo Groups to shut down on December 15, 2020". Yahoo!. October 13, 2020. Retrieved October 13, 2020. https://help.yahoo.com/kb/groups/SLN35505.html
  12. (Ingelesez) Brinkmann, Martin. (2020-10-14). «Farewell Yahoo Groups! Shutting down on December 15, 2020 - gHacks Tech News» gHacks Technology News (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  13. «Yahoo! Groups» web.archive.org 2020-12-18 (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  14. «[email protected] | Wiki» groups.io (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  15. «Yahoo! Groups Blog » 2008 » August » 22» web.archive.org 2009-12-12 (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  16. "Yahoo Refreshes, Upgrades Some Products", eWeek.com, September 17, 2010. http://www.eweek.com/c/a/Search-Engines/Yahoo-Refreshes-Upgrades-Some-Products-775120/
  17. (Gaztelaniaz) Labastidadice, Paco. (2023-03-27). Foros – Trifinium. (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  18. Portugalete, El Mareómetro. (2016-05-05). «El Mareometro Blog: HABLANDO DE MOJIJONES o MOJOJONES» El Mareometro Blog (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  19. (Gaztelaniaz) «Escritura en piedra, sin descifrar» www.celtiberia.net (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  20. (Ingelesez) «basque-genealogy groups.io Group» groups.io (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  21. dantzancom. «Foroa» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  22. Larreategi, Mikel. «Zerrenda» eibar.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  23. moblog. «Recovering content from Yahoogroups and saving it for future use» eibar.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  24. «Dokuteka: Euskal pornoteka» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  25. «ItzuL posta-zerrenda» EIZIE (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).

Kanpo estekak