Gaochang

Gaochang
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Estupa budista Gaochang hiriaren hondarretan
Datuak
Estatu burujabe Txinako Herri Errepublika
Eskualde autonomoXinjiang
EskualdeaXinjiang
Koordenatuak42°51′10″N 89°31′45″E / 42.852777777778°N 89.529166666667°E / 42.852777777778; 89.529166666667
Map
Azalera4.5997 km²
Historia
GaraiaK.a. I. mendea
UzteaK.o. XIV. mendea
Gaochang hiriko harresiaren hondarrak.

Gaochang (uigurreraz: قۇچۇ; txineraz: 高昌; pinyineraz: Gāochāng) edo Kara-Khoja (uigurreraz: قاراغوجا) Txinako ipar-mendebaldean dagoen Xinjiang probintziako antzinako hiri baten hondarrak dira, gaur egungo Turfan hiritik 30 kilometro hego-ekialdera daudenak. Zetaren Bidean asentamendu garrantzisua izan zen. Gaochangetik gertu beste eremu arkeologiko garrantzitsu bat aurkitzen da, Astana hilerria.

Historia

Hiriaren sorrera

Eremu honetako aurreneko biztanleak Jushiak (txineraz: 車師; pinyineraz: Jūshī) izan ziren. Jushi edo Gushi jendea kaukasiar jatorrikoa zen, ilehoria eta begi urdinduna, eta beren hiriburua Jiaohe zen, 45 kilometro mendebadera zegoena.

Txinako Han dinastiaren garaian (K.a. 206 - Ka. 220) txinatarrak eta Xiongnuak eskualde honen kontrola eskuratzeko borrokatu zuten elkar. Gaochang K.a. I. mendean eraiki zen eta Jushi agintariek txinatarrei babesa eskatu eta hauekin egin zuten aliantza. 327 urtean Gaochangeko komandantzia sortu zen eta txinatarren kolonia militarra bihurtu zen. Hexi korridorea jarraituz txinatar kolono ugari iritsi zen Gaochangera.

Garai ezegonkorra (V. - IX. mendeak)

420 urtean mendebaldeko Jin dinastia erori zenean Txina estatu txiki ugaritan zatitu zen. Gaochangeko gotorlekua hainbat eskutatik pasa zen eta 460 urtean Mongolia aldeko Rouran khanatoaren barnean gelditu zen. Hauek iritsi zirenean Gaochang hiriko 10.000 etxe ziren Han txinatarrak bizi zirenak eta Rouran khanatoak bertakoa zen Kan Bozhou txinatarra izendatu zuen Gaochangeko errege, eta Khanatotik banaturik baina haren basailu-erresuma bihurtu zen. Garai hartan Gaoche izeneko konfederazioa sortu zen Tarim arroan, 9 leinu turkiarrek osatzen zutena, eta Rouran inperioari oldartu zitzaion eskualdean. Gaoche konfederazioko Afuzhiluo (阿伏至羅) erregeak Gaochangeko erregea hil eta Dunhuangetik ekarritako Zhang Mengming (張孟明) ezarri zuen errege berri, eta horrela Gaochang bere basailu-erresuma bihurtu zuen. Gutxi iraun zuen, hiritarren matxinada egin eta erregea erahil eta Ma Ru (馬儒) ezarri zuten agintari. Hurrengo ehun urtetan ez zuen egonkortasun handirik izan eta hainbat eskutatik igaro zen.

Gaochang Han txinatarren hiria zen eta ez zuten onartzen beste agintaririk. VII. mendean Qu Jia familiak agintzen zuen. Txinatar jatorria bazuten ere ezkontza harremanen ondorioz turkiarrekin itunak eginak zituzten. Tang dinastiak Txinako inperioaren zabalkundea abiatu zuenean Qu Wentai erregeak turkiarren laguntzarekin aurre egitea erabaki zuen baina Tang armadak Gaochang konkistatu zuen. Gertaera hau gakoa izan zen Tang dinastiak Tarim arroa konkistatu ahal izateko. 840 urtean Txinan An Lushan matxinada gertatu zen. Tang dinastia oso ahulduta gelditu zen eta egoera hori aprobetxatu zuten hasieran tibetarrek eta ondoren iparraldetik zetozen uigurrek Tarim arroaz jabetzeko.

Uigurren aroa

Printzesa uigurrak, Bezeklik leizeetako hormirudia.

Mongolia aldean Uigur leinua zen agintari baina 840 urtean Kirgizek erasotu eta beren khanatoa galtzean uigurrek hegoalderantz jo behar izan zuten. Tarim arrora iritsi ziren eta Gaochang inguruan Qocho erresuma eratu zuten. Gaochang bera bihurtu zen erresumako hiriburu Kara-Khoja izenarekin, dena den erregeek beren nomada izaera ez zuten galdu eta udan Ürümqi ondoan zegoen Bishbalik hirira joaten ziren, klima freskoagoa baitzuen.

1211 urtean Genghis Khan enperadore mongolak eskuratu zuen eta honek Yuan dinastia eratu zuen bere basailu-erresuma izan zedin. Hauek etsaia zen Chagatai kanatoak 1275 eta 1318 artean 120.000 soldadu eraman zituen Gaochang konkistatzera. Eskuratu zuten baina hiria oso kaltetua gelditu zen. Honetaz gain Izotz Aro txikia gertatu zen eta Zetaren Bideak ibilbide berria bilatu zuen. Guzti honek herria bertan behera gelditzea ekarri zuen.

Erlijioa

Zetaren Bidearen iparraldeko adarrean kokaturik zegoenez Erdialdeko Asia eta Txinatarren inperioaren lotura egiten zuen eta merkataritza handia garatu zen hirian. Honek oparotasun handia ekarri zion, bai eta mundu ikuskera, erlijio eta kultura aniztasun handia ere. Tang dinastiaren garaian Xuanzang monjeak egindako 17 urteko bidaian kontatzen duenez Gaochang inguruko erlijio erdigune garrantzitsuena bihurtu zen. Budismoa IV. eta V. mende artean iritsi zeneta presentzia nabarmena izan zuen, horren adierazle dira Bezeklik leizeak. Nestorianismoa eta manikeismoa ere izan ziren Gaochang inguruan, baina budismoa nagusitu zen. Mongolek azkenik islama ekarriko zuten.

Deskribapena

Gaochang hiriaren hondarrek 2'2 kilometro koadroko azalera daukate, itxura errektangular samarra duena. Tang dinastiaren Chang'an hiriburuaren antzerakoa izan nahi zuen. Hiriak hiru atal zituen, Kanpoaldeko hira, barnekoa eta jauregia.

Kanpoko hiria

5'4 kilometrotako perimetroa zuen eta harresi handi batek inguratzen zuen. harresiak 12 metrotako lodiera eta 11'5 metrotako altuera zituen. Bederatzi ate zituen, alde banatan bi eta hegoaldean hiru. Gaur egun mendebaldekoan nahiko ongi mantentzen dira. Bi tenplo ere gelditzen dira hiriaren hegoaldeko izkinatan, hego-mendebaldekoak atea, patioa eta errezotarako aretoa ditu besteak beste, hego-ekialdekoak dorre poligonala eta errezotarako leize bat, mural ederrak mantentzen dituena.

Barneko hiria

Kanpoko hiriaren barnean dago eta 3 kilometrotako perimetroa du. Hau ere harresiturik zegoen, gaur egun mendebaldekoa eta hegoaldekoa mantentzen dira. Aterik ez da aurkitzen jada.

Jauregia

Barneko hiriaren iparraldean kokaturik zegoen eta 700 metrotako perimetroa zuen. Errektangularra zen. Jauregiarenak ziren zutabeen hondarrak ikus daitezke, 3'5 edo 4 metrotako altuera dutenak.

Iruditegia

Erreferentziak

  1. (Portugesez) «Arquivo.pt» arquivo.pt (Noiz kontsultatua: 2019-10-19).
  2. «Turpan's Jiaohe Ancient Ruins 交河故城 | Traveler's Guide» Xinjiang: Far West China 2019-04-03 (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  3. Hill, John E.. (2009). Through the Jade Gate to Rome: A Study of the Silk Routes during the Later Han Dynasty, 1st to 2nd Centuries CE. BookSurge, Charleston, South Carolina. ISBN 978-1-4392-2134-1..
  4. Jacques Gernet. (1996). A history of Chinese civilization. Cambridge University Press (Noiz kontsultatua: 2019-10-19).
  5. a b c (Ingelesez) Dani, Ahmad Hasan; Litvinovskiĭ, Boris Abramovich. (1999). History of Civilizations of Central Asia. Motilal Banarsidass Publ. ISBN 9788120815407. (Noiz kontsultatua: 2019-10-19).
  6. (Ingelesez) Rudolph, Richard C.; Dien, Albert E.; Riegel, Jeffrey K.; Price, Nancy T.. (1978). Chinese Archaeological Abstracts. Institute of Archaeology, University of California ISBN 9780917956546. (Noiz kontsultatua: 2019-10-19).
  7. (Ingelesez) Hansen, Valerie. (2012-10-11). The Silk Road. OUP USA ISBN 9780195159318. (Noiz kontsultatua: 2019-10-19).
  8. Bonavia, Judy. (2002). The Silk Road: Xi'an to Kashgar. Odyssey Guides, Air Photo International, Hong Kong., 236 or. ISBN 962-217-741-7..
  9. (Ingelesez) Library, British. (2004). The Silk Road: Trade, Travel, War and Faith. Serindia Publications, Inc. ISBN 9781932476132. (Noiz kontsultatua: 2019-10-19).
  10. a b «Gaochang Ruinas, Gaochang Ruinas de Turpan» www.viaje-a-china.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-19).
  11. Svatopluk Soucek. (2000). A history of inner Asia. Cambridge University Press (Noiz kontsultatua: 2019-10-19).
  12. Biran, Michal. (2005). The Empire of the Qara Khitai in Eurasian History: Between China and the Islamic World. Cambridge University Press, 75 or. ISBN 0-521-84226-3..
  13. «La ciudad antigua de Gaochang» www.viajedechina.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-19).
  14. a b c d «Ancient City of Gaochang, Ruins in Turpan, Xinjiang China» www.travelchinaguide.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-19).

Ikus, gainera

Kanpo estekak