Zipre (uhartea)

Zipre (uhartea)
Datu orokorrak
Mendirik altuenaOlinpo
Garaiera698 m
Motauharte
Luzera225 km
Zabalera90 km
Azalera9.234 km²
Geografia
Map
Koordenatuak35°N 33°E / 35°N 33°E / 35; 33
KokapenaMediterraneoa
Ur-gorputzaMediterraneoa
Leku geografikoaEuropa

Zipre (grezieraz: ΚύπροςKypros; turkieraz: Kıbrıs) Mediterraneoko uhartea da, Turkiatik 113 km-ra kokatua hegoaldean. Bertan Zipreko Errepublika dago, nazioartean onartua den estatu bat, baina uhartearen hegoaldeko bi herenak besterik ez du kontrolatzen. Europar Batasuneko estatua da. Iparraldeko herena Turkiak 1974an okupatu zuen eta bertan Ipar Zipreko Turkiar Errepublika sortu: lurralde hori Turkiak besterik ez du onartu. Uhartean, Akrotiri eta Dhekeliako Erresuma Batuaren barrutiak ere daude.

Zipre Mediterraneo itsasoko hirugarren uharterik handiena da, Siriaren mendebaldean eta Turkiaren hegoaldean. Zipreko Errepublikako hiriburua Nikosia da. Nikosia iparraldeko eta hegoaldeko zatien arteko mugak erdibitua dago. Iparraldeko zatiko hiri nagusiak Kirenia eta Famagusta (portua) dira, eta hegoaldeko zatikoak, berriz, Limasol (portua), Larnaka eta Pafos.

Etimologia

Zipreren aurreneko aipamena mizenarrek egin zuten K.a. XV. mendean eta kupirijo (zipretar) aipatzen da. Greziera klasikoan Κύπρος (Kýpros) esaten zaio uharteari. Etimologia aztertzeko orduan, hiru hipotesi nagusitzen dira:

  • Altzifre zuhaitzaren izena: grezieraz κυπάρισσος (kypárissos) da.
  • Henna zuhaitzaren izena: grezieraz κύπρος (kýpros) da.
  • Kobrearen zipretar izena, sumeriar jatorrian zubar esaten dena, izan ere kobre metaketa handiak baitaude uhartean. Latinez kobrea izendatzeko aes Cyprium erabili izan zen, "zipreko metala", gerora Cuprum hitzera laburtu zena. Beraz, badirudi uharteak eman ziola izena metalari eta ez alderantziz.

Geografia eta klima

Geografia

Zipre Mediterraneo itsasoan dagoen hirugarren uharte handiena da, Sizilia eta Sardiniaren ondoren, azalerari eta populazioari dagokionez. Mundu mailan 80.a da azaleraren arabera eta 51.a populazioaren arabera. 240 kilometroko luzera eta 100 kilometro neurtzen ditu punturik zabalenean. 34º eta 36º artean iparraldean eta 32º eta 35º artean ekialdean.

Turkia 75 kilometrora du, Siria eta Libano 105 eta 108 kilometrora, hurrenez hurren, Israel 200 kilometrora, Egipto 380 kilometrora. eta Greziako uharte gertukoena 280 kilometrora.

Bi mendilerrok zeharkatzen dute uhartea. Iparraldean, Kirenia mendikatea dago, kostaldeari buruz paralelo, eta hegoaldean uhartearen azaleraren erdia hartuz, Troodos mendikatea dago. Mendikate bien artean Mesaoria goi-ordokia dago eta Pedieos ibaiak zeharkatzen du. Zipreko punturik garaiena Olinpo mendia da (1.952m), Troodos mendikatean.

Limasolgo eta Larnakako aintzira gaziak hegaztientzako pausaleku garrantzitsuak dira. Aintzira horiek populatzen dituen hegazti aipagarriena flamenkoa da.

Klima

Ziprek klima azpitropikala du, mediterranearra eta erdi-lehorra, Köppen sailkapenaren arabera Csa eta BSh. Negu epelak ditu eta uda, beroak. Euria negu partean baino ez du egiten eta Troodos mendikatearen tontorretan inoiz elurra agertu izan da.

Ur baliabideak

Ur gabezia kezka iturri historikoa izan da zipretarrentzat. Azken 30 urteetan prezipitazioak asko jaitsi dira, gainera. Azken urteetan urtegi ugari eraiki dira populazioen gorakadari eta nekazaritza beharrei aurre egiteko. 107 urtegi daude egun eta 330 milioi m3 ur biltzen dute denen artean.

Historia

Antzinaroa

Salamina antzinako hiri garrantzitsuena izan zen.

Uhartearen hegoaldeko muturrean Aetokremnos dago: bertan, K.a. 8.200 urtean ehiztari-biltzaile kolonia baten aztarnak aurkitu dira. Aurreneko gizakien etorrerak hipopotamo nanoen eta elefante nanoen iraungipena ekarri zuen. Duela 10.500 eta 9.000 urteko ur putzuak ere aurkitu dira. K.a. 7500 urteko hilobi batean katuaren hondarrak daude: gizakiaren eta felidoen arteko harremanaren aurreneko aztarnak dira. Neolito garaiko Khirokitia herrixka (K.a. 6800) UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen, hain ongi mantentzen delako.

Brontze Aroan bi aldiz iritsi ziren greziarrak. K.a. 1400 urtean mizenastarrak izan ziren aurrenekoak eta haien inperioa K.a. 1100-1050 artean erori zenean akaziarrak bertaratu ziren. Ezagutzen den errege zipretar zaharrena Kushmeshusha da, K.a. XIII. mendekoa. Ugaritera bidalitako eskutitzetan haren izena agertzen da. Ziprek greziarrentzat izan zuen garrantziaren lekuko greziar mitologiako Afrodita eta Adonis jainkoen sorlekua izatea da. Zipre uhartea hamabi hiri-estatutan banatu zen, mendebaldetik ekialdera: Marion, Pafos, Soloi, Kourion, Lapetos, Tamasos, Amathus, Ledra, Idalion, Kitroi, Kition eta Salamina.

K.a. X. mendean Kition hirian merkatari feniziarrak zeuden, Tirotik iritsiak, eta hiriaren garrantzia politikoa nabarmen handitu zen. Ziprek kokapen estrategikoa zuen Ekialde Hurbilean eta kobre meategiak ere handiak ziren. Horregatik inperio handiek inbaditu egin zuten. Asiriarrek gobernatu zuten K.a. 708 urtean, ondoren egiptoarrek eta K.a. 545etik aurrera pertsiarrek. Salaminako errege zen Onesilus pertsiarren aurka matxinatu zen K.a. 499an baina ez zuen arrakastarik izan. K.a. 333 urtean Alexandro Handiak konkistatu zuen eta honen heriotzaren ondoren Ptolomeotar Erresuma egiptoarraren barnean gelditu zen. Hurrengo mendeetan zipretarrak asko helenizatu ziren. K.a. 58. urtean Erromatar Inperioak konkistatu zuen. Erromatar probintzia izan zen inperioak iraun artean.

Erdi Aroa

Erromatar Inperioa 395ean bitan banatu zenean, ekialdeko Bizantziar Inperioan geratu zen. Orduan finkatu zen oraindik ere badirauen greziar-kristau ideologia zipretarrengan. 649an hasi eta hiru mendetan zehar eraso ugari etorri ziren Sortaldetik. Piraten erasoak izan ziren nagusiki baina tamaina handiko hainbat eraso ere izan zituen eta kalte handiak jasan zituen. Hiri handiak suntsitu ziren (Salamina esate baterako) eta milaka zipretar hil ziren. Ez da garai hartako eliza bizantziar bakar bat ere mantendu. 965ean Nizeforo II.a Fokas errege bizantziarrak garaipen esanguratsuak lortu zituenean berrezarri zen bizantziarren agintea.

1191n Rikardo I.a Ingalaterrakoak helburu izan gabe konkistatu zuen Zipre. Lur Santutik itzultzen ari zela, ingelesen flotak ekaitz ugari izan zituen eta Kreta eta Rodas uharteetan geldialdiak egin zituen. Bere ezkongai Berengela Nafarroakoa eta Joana Ingalaterrakoa eta Siziliako erregina zeramatzan ontzia Ziprera iritsi zen eta Limasol parean bota zuen aingura. Isaac Komnenos Zipreko erregeak itsasontzia eta emakume biak bahitu zituen. Errege ingelesak Sizilian zuen armadari dei egin eta Zipre inbaditu zuen. Rikardo eta Berengela Limasolen ezkondu ziren. Rikardo I.ak uhartearekiko interes berezirik ez zuen azaldu eta Tenpluko Ordenari saldu zion. Hauek Guy de Lusignan zaldun frantsesari saldu zioten eta 1192an Zipreko Erresuma sortu zen. Hurrengo mendeetan Lusignan Etxeak agindu zuen Zipren. Nikosia hiriburuko Santa Sofia katedralean koroatzen ziren Zipreko errege eta Famagustako San Nikolas katedralean Jerusalemgo errege erbestean koroatzen ziren. Garai hartako bi hiri handienak hauek ziren. 1473an Jakue II.a Ziprekoa, azken Lusignan erregea, hil egin zen eta veneziarrek hartu zuten uhartearen agintea erregearen alarguna veneziarra baitzen, Katalina Cornaro. Katalinak 1489an abdikatu eta formalki Veneziak Zipre anexionatu zuen urte hartan. Veneziarrek Zipreko hiri nagusiak gotortzeari ekin zioten otomandarren beldur eta Nikosiako harresiak eta hiri nagusietako harresi eta gazteluak eraberritu zituzten.

Otomandarren aroa

1539tik aurrera otomandarren erasoak ugariak izan ziren baina 1570ean benetako erasoa izan zen. 60.000 soldadu hartuta Zipreko hiri nagusiak setiatu zituzten eta uhartea konkistatu zuten. Nikosiak eta Famagustak erresistentzia handia egin zutenez konkistaren ondoren bertako biztanle greziar eta armeniar kristauen aurka oldartu ziren eta erail egin zituzten. Konkistatzaileak bertan ezarri ziren eta Anatoliatik nekazari eta artisau ugari ekarri zituzten komunitate musulman handiak sortzeko. Egitura feudalaren ordez millet sistema ezarri zuten eta agintari erlijiosoak ezarri ziren komunitateen buru. Zipreko elizaren buruak greziar zipretar eta otomandar agintarien arteko bitartekaritza lanak egin zituen eta Erromako elizarekin istilu handiak izan zituen.

Hiri bat konkistatzen zuten bakoitzean eraikin erlijioso kristauak musulman bihurtzen zituzten. Horrela Nikosiako Santa Sofia katedrala eta Famagustako San Nikolas katedralari iruditeria kristaua kendu, minaretea, mihraba eta minarrak gehitu eta meskita bihurtu zituzten. Otomandarrek ez zuten interes handirik erakutsi Ziprez, ordea, eta hurrengo 250 urteetan gainbehera ekonomikoa jasan zuen.

Grezia ere otomandarren menpe zegoen eta 1821ean Independentzia Gerra abiatu zenean greziar-zipretar ugari Greziako armadan sartu zen. Horren ondorioz otomandar agintariek 486 agintari greziar-zipretar atxilotu eta exekutatu egin zituzten, tartean Kyprianos Zipreko artzapezpikua eta lau apezpiku. 1828an Grezia independenteko Ioannis Kapodistrias presidenteak Grezia eta Zipreren batasuna aldarrikatu zuen, Enosis deitzen zutena, eta matxinada gehiago izan ziren Zipren baina ez zuten arrakastarik izan.

Britainiar aroa

Britainiar bandera Nikosian.

Errusia-Turkia Gerra (1877–1878) izan ondoren Berlingo Biltzarrak Britainiar Inperioaren esku utzi zuen Zipre. Berez 1914 artean otomandarra izaten segitu zuen eta britainiarren funtzioa Zipre errusiarren inbasiotik babestea zen, baina britainiarrek, de facto, Zipre gobernatzen zuten. Britainiarrentzako toki estrategikoa zen beren ibilbide kolonialak kontrolatzeko eta uhartea modernizatu egin zuten. 1906an Famagustako itsas-portu garrantzitsua eraiki zuten, Indiarako bidean Suezko kanala gainbegiratzeko portu estrategiko bihurtu baitzuten. 1914an Lehen Mundu Gerra abiatu zen eta britainiarrek formalki Zipre anexionatu zuten. 1915ean Zipre uhartea Greziari eskaini zioten gerran beraien alde sartzearen truke baina greziarrek uko egin zioten eskaintzari. 1923an Lausanako Hitzarmenean sortu berria zen Turkiako Errepublikak Zipre eskatu zuen baina britainiarrek koroaren kolonia izendatu zuten.

Greziar-zipretarrek esperantza bazuten britainiarrek Greziarekin batuko zituztena eta hori bultzatzeko erakundea sortu zuten, Zipreko Borrokalarien Erakunde Nazionala, Ethniki Organosis Kyprion Agoniston (EOKA). 1950tik aurrera greziarren politika arazoetan ere ohiko gaia bihurtu zen. Turkiar jatorriko zipretarrek britainiarren agintearen alde egin zuten baina Kretak Greziarekin bat egin zuela ikusi zutenean Zipre barnean autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen hasi ziren, uhartea bitan banatzeko. Helburu hori sustatzeko erakunde propioa sortu zuten Turkiarren Erresistentzia Erakundea, Türk Mukavemet Teşkilatı (TMT).

Independentzia eta banaketa

1960ko abuztuaren 16an Ziprek independentzia lortu zuen. Une horretan 573.566 biztanle zituen, % 77,1 greziar jatorrikoak, % 18,2 turkiar jatorrikoak. eta % 4,7 bestelako jatorria zutenak. Erresuma Batuak bi eremu mantendu zituen bere eskutan, Akrotiri eta Dhekelia eremu militarrak. Osatu zen konstituzioak ez zituen bi komunitateak ase eta 1963ko abenduaren 21ean eztanda egin zuen egoerak, greziar poliziak bi turkiar hil zituenean. Ekintza horren ondorengo istiluetan 364 turkiar eta 174 greziar hil ziren, 109 herrixka turkiar suntsitu eta 25.000-30.000 turkiarrek ihes egin behar izan zuten. 1964an Turkiak Zipre inbaditzeko mehatxua egin zuen baina Lyndon B. Johnson presidente estatubatuarrak eragotzi egin zuen, Sobietar Batasunak Turkia inbaditzen bazuen babesik ez ziola emango esanez. Hori gertatzen zen bitartean, greziarrengan Enosis batasun kontzeptua pil-pilean zegoen eta Greziak 10.000 soldadu bidali zituen, Turkiaren balizko inbasioari aurre egiteko.

1974ko uztailaren 15ean Dimitrios Ioannides greziar-zipretarrak estatu kolpea egin zuen Zipre eta Grezia batzeko. Handik bost egunera, Turkiar armadak uhartea inbaditu zuen eta Kirenia eta Nikosia arteko greziar puntu estrategikoak bonbakatu zituen. Hasieran 6.000 soldadu lehorreratu baziren ere, hiru egunen buruan su-etena adostu zenerako, 30.000 soldadu turkiar baziren Zipren. Kirenia eskuratzeaz gain, Nikosiaraino iritsi ziren. Famagusta ere eskuratu zuten.

Marra berdeko tarteko eremua adierazten duen kartela.

Nazio Batuen Erakundeak herrialdea bitan banatzen zuen Marra Berdea ezarri zuen. Horrela deitu zitzaion aurkezturiko mapan boligrafo berdez marraztu zelako lerroa. Nikosia hiriburua ere bitan banatuta geratu zen. Hurrengo urteetan barne migrazio mugimenduak izan ziren, hegoaldean gelditu ziren turkiarrak iparraldera eta iparraldean gelditu ziren greziarrak hegoaldera. Famagusta hiria turkiarren esku geratu zenez, Larnaka hiri estrategikoa bihurtu zen eta asko hazi zen. Larnakako nazioarteko aireportua Zipreko garrantzitsuena da, adibidez.

1983an Ipar Zipreko Turkiar Errepublika osatu zen bertan, oraindik nazioarteko ezagutza jaso ez duena. 1983an Spyros Kyprianou berretsi zuten Zipreko lehendakari karguan (1977an hartu zuen aginpidea), eta Rauf Denktashek, berriz, Zipre Iparraldeko Turkiar Errepublika aldarrikatu zuen. Harrez geroko Zipreko bizitza banaketa horrek markatua da, alor guztietan. Hurrengo urteetan, bi alderdien arteko elkarrizketak bultzatu ziren, eta Nazio Batuek bi komunitateen arteko berdintasun politikoan oinarrituriko estatu federala osatzeko proposamena onartu zuen.

Zipretar ezagunak

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
  3. R. S. P. Beekes. (2009). Etymological Dictionary of Greek. Brill, 805 or..
  4. «Europe :: Cyprus — The World Factbook - Central Intelligence Agency» www.cia.gov (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  5. (Ingelesez) «Europe Map / Map of Europe - Facts, Geography, History of Europe - Worldatlas.com» WorldAtlas (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  6. (Ingelesez) «Limassol Salt Lake» Cyprus Island 2017-03-15 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  7. (Ingelesez) «Akrotiri Salt Lake - 2020 All You Need to Know BEFORE You Go (with Photos)» Tripadvisor (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  8. «Department of Meteorology - Climate of Cyprus» web.archive.org 2015-06-14 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  9. «After the Ice: A Global Human History, 20,000-5000 BC - Steven Mithen - Google Books» web.archive.org 2015-09-10 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  10. (Ingelesez) Stone Age wells found in Cyprus. 2009-06-25 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  11. (Ingelesez) Wade, Nicholas. (2007-06-29). «Study traces cat's ancestry to Middle East (Published 2007)» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  12. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Choirokoitia» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  13. (Ingelesez) Cline, Eric H.. (2015-09-22). 1177 B.C.: The Year Civilization Collapsed. Princeton University Press ISBN 978-1-4008-7449-1. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  14. «The Shelby White & Leon Levy Program: Hadjisavvas» web.archive.org 2016-03-04 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  15. a b c d web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  16. Schabel, Chris. (2012). Frankish & Venetian Nicosia 1191-1570: Ecclesiastical Monuments and Topography. In Michaelides, Demetrios (ed.). Historic Nicosia. Nicosia: Rimal Publications. ISBN 9789963610440..
  17. «Lala Mustafa Pasha Mosque (St Nicholas Cathedral) - Famagusta, Cyprus - cypnet.co.uk» www.cypnet.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  18. «Fortified Places > Fortresses > Nicosia» web.archive.org 2015-07-12 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  19. «Cyprus - OTTOMAN RULE» countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  20. Orhonlu, Cengiz. (2010). The Ottoman Turks Settle in Cyprus. Inalcık, Halil (ed.), The First International Congress of Cypriot Studies: Presentations of the Turkish Delegation, Institute for the Study of Turkish Culture, 99 or..
  21. «Cyprus - OTTOMAN RULE» web.archive.org 2013-01-17 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  22. Mallinson, Bill. (2005). Cyprus : a modern history. London ; New York : I.B. Tauris ISBN 978-1-85043-580-8. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  23. (Ingelesez) Diez, Thomas. (2002). The European Union and the Cyprus Conflict: Modern Conflict, Postmodern Union. Manchester University Press ISBN 978-0-7190-6079-3. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  24. Jacob M. Landau. (1979). Johnson's 1964 letter to Inonu and Greek lobbying of the White House. Hebrew University of Jerusalem, Leonard Davis Institute for International Relations..
  25. Papadakis, Yiannis. (2003-09-01). «Nation, narrative and commemoration: political ritual in divided Cyprus» History and Anthropology 14 (3): 253–270.  doi:10.1080/0275720032000136642. ISSN 0275-7206. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  26. (Ingelesez) O'Malley, Brendan; Craig, Ian. (2001-06-25). The Cyprus Conspiracy: America, Espionage and the Turkish Invasion. I.B.Tauris ISBN 978-0-85773-016-9. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  27. (Ingelesez) «Green Line - Nicosia» Cyprus Island 2018-11-28 (Noiz kontsultatua: 2020-09-13).
  28. «Nicosia Municipality» web.archive.org 2012-03-07 (Noiz kontsultatua: 2020-09-13).
  29. «EUROCONTROL - The European Organisation for the Safety of Air Navigation | EAD Basic» www.ead.eurocontrol.int (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).

Kanpo estekak