Agatha Christie, jaiotzaz Agatha Mary Clarissa Miller eta ezkontzaz Christie eta Mallowan, (Torquay, Devon, Ingalaterra, 1890eko irailaren 15a – Wallingford, Oxfordshire, Ingalaterra, 1976ko urtarrilaren 12a) idazle britainiarra zen, 66 misterio eta hilketa-eleberri idatzi zituelako ezaguna. Horregatik, Hilketen Erregina deitzen zioten. Hercule Poirot eta Miss Marple detektibeen pertsonaiak sortu zituen, bata profesionala eta bestea, zalea, hainbat eleberritan agertzen direnak.
Eleberriez gain, ipuin labur eta antzezlanak ere idatzi zituen. Mary Westmacott goitizenarekin amodiozko eleberriak argitaratu zituen.
Guinness Errekorren Liburuak liburu gehien saldu duen garai guztietako idazletzat dauka, eta William Shakespearekin batera, literaturaren arlo guztietan gehien saldu duen idazletzat. Bibliak bakarrik gainditu du haren liburuen salmenta eta gaur egun munduan gehien itzultzen den egilea da: haren eleberriak gutxienez 103 hizkuntza ingurura itzuli dira.
The Mousetrap ("Satartea") antzezlanak denbora gehien irautearen errekorra du munduan. 1952ko azaroaren 25ean estreinatu zen Londresen, eta 2020ko martxoaren 16a arte taularatu zen, covid-19ak sortutako pandemiarengatik eten zen arte; hala ere, 2021eko maiatzaren 17an berriz antzezten hasi zirenez, 2022ko azaroan, haren 28.915 ekitaldi eskaini dira. Antzezlan hori euskaraz ere egin da.
Haren liburu eta ipuin gehienak zinera eraman izan dira; horietako batzuk, behin baino gehiagotan (Murder on the Orient Express, Death on the Nile eta 4.50 From Paddington). Bestalde, telebista, irrati, bideo-joko eta komikietara ere egokitu izan dira.
Autobiografia bat ere idatzi zuen.
Agatha Mary Clarissa Miller 1890eko irailaren 15ean jaio zen Torquayen (Devon, Ingalaterra). Aita Frederick Alvah Miller Estatu Batuetako burtsaren artekaria zuen, eta ama, Clarissa Margaret Boehmer, Britaniar Armadako kapitain baten alaba. Azken hori, amaren parteko izeba batekin —amerikar aberats baten bigarren emaztea zen— bizitzera bidali zuten. Margaretek bertan Agatharen aita ezagutu zuen, bere aitaordearen semea baitzen, eta ezkondu egin ziren. Aitak estatubatuar naziotasuna izan arren, Agathak ez zuen inoiz herritartasun bikoitzik eskatu.
Hiru senideetan gazteena izan zen: Margaret Frary Miller (1879-1950), Madge deitua, bera baino hamaika urte zaharragoa eta Louis Montant Miller (1880-1929), Monty deiturikoa, hamar urte zaharragoa. Gurasoek ikasketak etxean egitea nahi izan zuten eta irakurri, idatzi eta matematika ikasteaz gain zenbait musika instrumentu jotzen ere ikasi zuen. Gainetrak, txikitatik amak idaztera bultzatu zuen. Hamaika urte zituela, aita hil zitzaion; hamasei urte egin zituenean, Parisko eskola batera joan zen eta bertan abesten, dantzan eta pianoa jotzen ikasi zuen.
Gaztaroan zenbait istorio eta nobela bat idatzi zituen, baina ez zuen arrakasta handirik izan.
Haren lehen ezkontza, batere zoriontsua izan ez zena, 1914ko Eguberri Egunaren bezperan izan zen Archibald Christie koronelarekin, Royal Flying Corpseko abiadorea. Bikoteak alaba bat izan zuen, Rosalind Hicks.
Lehen Mundu Gerran, Agathak ospitale batean egin zuen lan eta ondoren, farmazia batean, senarra Frantziara bidali zuten urteetan. Lanpostu horiek haren lanean eragina izan zuten, haren eleberrietako hilketa asko pozoien bidez gauzatzen baitira. Archie 1918ko irailean itzuli zuten Britainia Handiara, Aire ministerioan koronel gisa eta biak Londresera joan ziren bizitzera.
Wilkie Collinsen The Lady in White eta Ilargi-harriak eta Arthur Conan Doyleren Sherlock Holmesen lehen istorioak irakurri ondoren, Christie detektibe-istorioen jarraitzaile bihurtu zen. Horrela, 1920an Stylesko gertaera misteriotsua bere lehen detektibe-istorioa idatzi zuen: hor, Hercule Poirot detektibea aurkeztu zuen, Belgikako alemaniarren inbasioaren ostean Britainia Handian errefuxiatu zen belgikar polizia ofizial ohi gisan irudikatua, haren «bibote bikain» eta arrautza itxurako buruagatik ezaguna.
Eleberria sei argitaletxek bota zuten atzera eta, azkenik, The Bodley Head etxeak kaleratu zuen, amaiera aldatzeko baldintzapean. Gerra amaiera aldera, Archiek Royal Air Force utzi zuen eta Londreseko finantza sistema lanean hasi zen, nahiko soldata baxuarekin. Argitaletxe berak bigarren eleberri The Secret Adversary (1922) argitaratu zion: detektibe pare berria ekarri zuen, Tommy eta Tuppence Beresford. Hirugarrenak, The Murder on the Links (1923), Poirot berreskuratu zuen. Bikoteak 1919an jaiotako alaba Rosalind Agatharen ama eta arreba batekin utzi zuen, Hegoafrika, Australia, Zeelanda Berria eta Hawaiira bidaiatzeko, Britainiar Inperioaren Erakusketa sustatzeko helburuarekin. Waikikin surfean ibili ziren lehen britaniarretakoak izan ziren.
1926. urtearen bukaeran, senarrak Nancy Neele izeneko beste emakume bat maite zuela aitortu eta dibortzioa eskatu zuen. Urte horretako abenduaren 3an bikotearen liskar baten ondorioz, Agatha hamar egunean desagertu zen, Sunningdalen (Berkshire) zen bitartean. Gertakariak zalaparta handia sortu zuen garaiko prentsan.
Haren autoa Newland's Cornereko (Surrey) harrobi batean utzia aurkitu zuten. Azkenean, Agatha Christie Harrogateko hotel batean aurkitu zuten, Swan Hydropathicen (gaur egungo Old Swan Hotel), bere senarrak engainatu zuen emakumearen izenpean. Agathak ez zuen bere desagerpenari buruzko azalpenik eman nahi izan. Medikuek amnesia zuela esan zuten arren, jendearen artean hainbat zurrumurru zebiltzan. Batzuek pentsatzen zuten urte hasieran amaren heriotzaren eta senarrak izandako desleialtasunak eragindako nerbio krisialdiaren ondorioa zela; beste batzuek, ordea, publizitatea lortzeko trikimailu bat zela esaten zuten. Senarraz mendekatu nahi zuela ere esaten zen, poliziak bera hil zuela pentsatzeko muntatu zuela desagerpenaren kontu guztia.
1928an dibortziatu ziren eta Archie Nancy Neelerekin ezkondu zen. Agathak alaba Rosalinden zaintza lortu zuen eta Christie deitura mantendu zuen idazketarako. Ezkontzan zehar, sei eleberri argitaratu zituen, ipuin bildumak eta zenbait aldizkaritan hainbat istorio labur. Ama-alabak Kanariar Uharteetara joan ziren, eta hor The Mystery of the Blue Train idatzi. 1928. urtearen amaieran, Agathak Mary Westmacott izenpean Giant's Bread lehen eleberria idatzi zuen, detektibeen generotik at, finantza arrazoiengatik lan egitera behartuta dagoen konpositore bati buruzko fikziozko lana.
1930ean Max Mallowan arkeologoarekin ezkondu zen, bera baino hamalau urte gazteagoa zena. Ekialde Hurbilera egin zituen bidaietara lagundu zion, eta lurralde horiek, gero, bere eleberri batzuen eszenatokia izan ziren. Beste nobela batzuk, Eta ez zen alerik geratu ("Hamar beltx"), adibidez, Torquayn eta horren inguruetan kokatu ziren, han hazi baitzen. Hamar beltx historiako misteriozko eleberri salduena da, eta garai guztietako libururik salduenetako bat da. Orient Expresseko hilketa, 1934ean idatzitako eleberria, Istanbulen (Turkia), Pera Palace hotelean idatzi zuen, trenbidearen hegoaldeko geltokian. Hotelak Christieren gelari eusten dio, egilearen oroigarri gisa.
Christie Chelsean bizi izan zen, hasieran Cresswell Placen eta gero, Sheffield Terracen. Bi onibarrak plaka urdinez markatuak dira. 1934ean Winterbrookeko Winterbrook House erosi zuten, Wallingfordeko hiri komertzial txikiaren ondoan dagoen herrixka batean, eta Cholseyko eta Berkshireko mugen barruan.
Bere bizileku nagusia izan zen, eta Christiek bere idazkeraren zatirik handiena egin zuen lekua. Bikotea hasieran zoriontsua izan zen, baina urteak pasa ahala garraztu egin zen harremana Mallowanen etengabeko abenturak zirela eta. 1977an, Agatharen heriotzaren hurrengo urtean, Barbara Parkerrekin ezkondu zen Mallowan.
1950eko hamarkadaren hasieran, bizi-erritmoa murriztu eta gutxiago idatzi zuen, nahiz eta antzerki-ekoizpenei eskaini zien denboraren zati handi bat. The Mousetrap (1952), haren antzezlan famatuenak, hogeita hamar urte bete zituen taula gainean 1982an St. Martin Antzokian, Londresko West Enden.
1961ean Exeterreko Unibertsitateak Honoris causa titulua eman zion, eta 1971n Britaniar Inperioko Dama izendatu zuten, garai hartan oso gutxitan ematen zuten noblezia titulua.
1971tik aurrera osasun arazoak izaten hasi bazen ere, idazten segitu zuen. 1975ean, bere burua gero eta ahulago sumatzen zuenez, bere antzezlan arrakastatsuenaren (The Mousetrap) eskubideak eman zizkion bilobari. Azkenean, 1976ko urtarrilaren 12an hil zen, 85 urte zituela, arrazoi naturalengatik, Winterbrookeko etxean. Cholseyn lurperatu zuten.
Agatha Christieren liburu gehienak "whodunit" estiloan garatuta daude, hau da, irakurleak hiltzailea zein den asmatu behar du eta horretarako idazleak zenbait aztarna ematen dizkio istorioan zehar. Ingalaterrako gizarte klase ertain eta altuaren ingurugiroan kokatuta daude.
Detektibeak hilketa batekin topo egiten du: hortik aurrera susmagarri guztiak banaka itaundu, hilketaren eszenatokia aztertu eta aztarna guztiak zerrendatu ditu, irakurleari bere kabuz guztia analizatu eta misterioa argitzeko aukera doi bat emanez. Bat-batean, istorioaren erdialde edo bukaera aldera, susmagarrietako bat hil egin da, ziurrenik hiltzailea nor den jakinik, hark isilarazi egin nahi izan duelako. Azkenik, detektibeak susmagarri guztiak bildu eta pixkanaka guztia azalduz doa, bidean hilketari lotuta ez dauden baina misterioa argitzen laguntzen duten susmagarrien sekretuak kontatuz.
Hilketak oso burutsuak dira kasu batzuetan, iruzur eta amarruz josiak. Agatha Christieren eleberriek, gainera, atmosfera estu eta suspense psikologiko handia izatearen ospea dute.
Birritan gertatu da hiltzailea istorioaren narratzailea bera izatea, eta lau aldiz utzi dio justiziaren eskuetatik ihes egiten (horietatik hirutan, gainera, delitua inplizituki onetsi egiten zuen).
Abney Hall 1847an eraikitako viktoriar estiloko mantsio bat da, Manchester hiriaren aldirietan kokatua. Gaur egun erakunde publiko baten bulegoak hartzen baditu ere, etxe honek izandako azken jabe pribatua, James Watts, Agatha Christieren koinatua izan zen. Horrela, ba, Agatha Christiek maiz egin izan zituen bisitak bere ahizpa eta koinatuarena zen etxe honetara, eta bertan zegoela bere bi obra idatzi zituen: After the Funeral eleberria eta The Adventure of the Christmas Pudding istorio laburra. Halaber, Agatha Christie mantsio honetan inspiratu zen "Chimneys" izeneko landa-etxea irudikatzeko. Landa-etxe hori The Secret of Chimneys eta The Seven Dials Mistery eleberrietan agerrarazten du.
Burgh Island itsasgorako uharte bat da (alegia, itsasgora denean urpean geratzen den hondartza baten bidez lotua dago lur nagusira eta, beraz, soilik itsasgora denean bihurtzen da uharte), Ingalaterrako Devon konderriaren hegoaldeko kostan dagoena, Bigbury on Sea herritik hurbil, lur nagusitik 250 metrora. Gaur egun, uhartean zenbait eraikin daude; horietatik handiena, Art Déco estiloko Burgh Island Hotel deritzona.
Uharte honetan inspiratu zen Agatha Christie Eta ez zen alerik ere geratu nobela (And Then There Were None) eta Evil Under The Sun nobela idazteko.
Jatorrizko hizkuntzan argitaratu zen urtea eta jatorrizko izenburua (ingelesez)