URL helbidea | https://instagram.com/ |
---|---|
Komertziala? | Bai |
Webgune mota | Argazkiak eta bideoak elkarbanatzea |
Erabiltzailea erregistratzea | Bai |
Hizkuntza(k) | Hizkuntza anitzekoa (33 hizkuntzatan) |
Jabea | |
Egilea | Kevin Systrom eta Mike Krieger (Burbn, Inc.) |
Argitalpen data | 2010eko urriaren 6a |
Egoera | Aktiboa |
Instagram argazkiak eta bideoak partekatzeko erabiltzen den gizarte sare zein esku-telefonoetarako aplikazioa da. Erabiltzaileek hainbat efektu fotografiko aplika ditzakete, filtroak, markoak eta retro eta vintage koloreak, besteak beste. Ondoren, argazkiak beste gizarte sareetan partekatzeko aukera ematen du, hala nola Facebook, Tumblr, Flickr eta Twitterren. Instagramen berezitasun bat argazkiei forma karratua ematea da, Kodak Instamatic-en eta Polaroid kamararen omenez. Hori dela eta, argazkien formak ez du egungo kamara eta mugikor gehienek darabilten 16:9 ratioa.
Instagram Kevin Systrom eta Mike Krieger-ek sortu zuten, eta 2010eko urrian atera zen merkatura. Laster egin zen ezagun, 2012ko apirilean 100 milioi erabiltzailetik gora zituen, eta 300 milioi baino gehiago lortu zituen 2014ko abenduan. Hasiera batean iPhonerako diseinatu zen, eta iOS 3.0.2 edo sistema aurreratuagoa duten iPad eta iPodetan ere eskuragarri dago. 2012 hasieran Androiderako bertsioa atera zuten.
4.0 bertsiotik aurrera gehienez 15 segunduko bideoak argitaratzeko aukera eskaintzen du. Tresna berri horrek irudi-egonkortzailea dakar.
Instagramek 12 urtetik aurrerako adin-sailkapena du.
Instagram San Franciskon sortu zen. Kevin Systrom eta Mike Krieger Foursquare-ren antzerako Burbn-en lanean ari zirela erabaki zuten horrek argazkiak igotzeko eskaintzen zituen aukeran zentratu eta mugikorretarako aplikazio bat sortzea. Produktua 2010eko urriaren 6an Apple Storen atera zen, eta Instagram izena jarri zioten.
Gutxira Jos Riedel taldean sartu zen, elkartearen kudeatzailea gisan. Shayne Sewwney 2010eko azaroan lan taldean sartu zen ingeniari gisa eta Jessica Zollman 2011ko abuztuan ebanjelari kontratatu zuten.
2011ko urtarrilean, Instagramek traolak gehitu zituen: modu horretan, erabiltzaileak gai baten inguruan gainontzeko erabiltzaileek partekatutako argazkiak ikus ditzake. Aplikazioak traola zehatzak erabiltzera bultzatzen du, horrela argazkiak arrakasta handiagoa izango duelako eta gustuko dut gehiago lortuko dituelako. 2011ko irailean, 2.0 bertsioa martxan jarri zen App Storean. Filtro berriak zituen, argazkiaren gune zehatz batzuetan desenfokeak jartzeko aukera, argazkiak editatzeko aukera kalitate onean, irudia biratzeko aukera eta azkenik, eguneratzeko botoia gehitu zuten.
2012ko apirilaren 3an, Android mugikorretarako bertsioa atera zen. Aste batzuk lehenago Androiderako bertsio bat lantzen ari zirela jakinarazi zuten, hortaz, aplikazioa ezin izango zela erabili. Horren ondorioz, web gune batean erregistratzeko aukera eman zuten aplikazio berriren berri izateko, eta bertan 430.000 pertsona erregistratu ziren. Androiderako aplikazioa atera zenean, milio bat deskarga baino gehiago lortu zituen 24 ordutan. Ondorengo hilabeteetan, milioi bat pertsona baino gehiagok Google Play-en iritzia eman zuten: horrela, 2013ko maiatzean iritzi gehien zuen bosgarren aplikazioa izan zen.
2012ko apirilaren 9an Facebookek Instagram erosi zuen, mila miloi dolarretan.
2012ko abenduaren 17an, Instagramek pribatutasun terminoak eta erabilpen arauak eguneratu zituen: aldaketa horien ondorioz, Instagramek erabiltzaileen argazkiak sal zitzakeen, haiei baimenik eskatu eta ezer esan beharrik gabe. Neurri horiek askok kritikatu zituzten, besteak beste, pribatutasunaren babesleek, National Geographic-ek eta Kim Kardanshianen moduko pertsonaia ezagunek eta, azkenean, Instagramek bertan behera utzi zituen asmoak. Hala ere, Instagramek erabiltzaile asko galdu zituen, antzeko zerbitzuak eskaintzen zituen beste aplikazio batzuk erabiltzea erabaki zuten.
2013ko maiatzaren 2tik aurrera, Instagramek beste erabiltzaile eta markak etiketatzeko aukera eskaintzen du, erabiltzaileek gehien eskatzen zuten gaitasunetako bat zen. Abenduaren 12an, Instagram Direct sortu zuten; mezu zuzenak bidaltzeko modua da, argazkiak zein bideoak, Facebook-en inbox bezala. 2015etik iragarkiak ipin daitezke.
Egun, Windows Phone beta fasean du app-a (fase horretan akatsak automatikoki zuzentzen dira), funtzio guztiak erabil daitezke, bideoak igotzekoa izan ezik. Windows 10 Mobile sistema eragilean duela gutxi atera zen aplikazioaren bertsio osoa, denbora askoz beta bertsioan egon ostean.
2016ko maiatzean, logotipoa eguneratu zuen, bere kamera vintagea alde batera utziz eta kolore gehiago duen beste batez jarriz: ortzadar baten atzean dagoen kamera.
2016ko abuztuan, Instagramek Insta Stories aurkeztu zuen: atal berri horren bidez, egun bateko iraupeneko argazki eta bideoak argitara daitezke.
2016ko azaroaren 21ean, Insta Stories zerbitzuak zuzenekoak egiteko aukera jarri zuen du martxan. Erabiltzaile baten zuzeneko emankizun bat egiten du eta gainerako erabiltzaileak emankizun hori ikustera elkar daitezke eta mezuak bidali, Periscoperen moduan. Zuzeneko bat hasten denean, erabiltzaileak mugikorrean jakinarazpen bat jasotzen du, zuzenekoa ikusteko.
Instagram Direct eta Insta Stories zerbitzuak oso kritikatuak dira, Snapchat eta Periscoperen oso antzekoak direlako.
2012ko martxoaren 11n, Instagramek erregistratutako 27 milioi erabiltzaile izatera iritsi zela iragarri zuen. Hala ere, 2012ko irailaren hasieran, Mark Zuckerber-ek, Facebookeko zuzendari exekutiboak, iragarri zuen gizarte sareak 100 milioi erabiltzaile erregistratu baino gehiago zituela jada.
2012ko maiatzean, segundoro 28 argazki igotzen ziren eta erabiltzaile bat gehitzen zen aplikaziora. Igotako argazkiak guztira mila milioitik gora dira.
2012ko abuztuaren 9an Ellie Goulding abeslariak Anything could happen abestiaren bideoklipa estreinatu zuen. Bideoa Instagrameko filtroekin apainduriko argazkiekin bakarrik egin zen. Argazki horiekin hitzak edo abestiaren letrak irudikatzen ziren. Ia 4 minutuko bideoan 1.200 argazkitik gora erabili ziren.
2013ko otsailaren 27an, aplikazioa martxan jarri zenetik bi urte eta erdira, 100 milioi erabiltzaile aktibo zituen. Horrek 10 milioi erabiltzaileren igoera esan nahi zuen, hilabete eskas batean. Azkenik, 2017ko abuztuan berretsi zen Instagram 800 milioi erabiltzaile aktiborengana heldu zela.
Zerrenda honetan biltzen dira Instagramen jarraitzaile gehien dituzten 25 kontuak. 2018eko otsailean eginiko inkestaren arabera, Top 1ean Instagramen kontu propioa kokatzen da 232 milioi jarraitzailerekin. Bere atzetik Selena Gomez abeslari eta aktorea dago, indibidualki jarraitzaile gehien dituen pertsona (133 milioi jarraitzaile). Zortzi kontuk zehazki 100 milioi jarraitzaile dituzte. Horrela geratuko litzateke zerrenda gaur egun:
Postua | Kontuaren Izena | Kontuaren jabea | Jarraitzaile kopurua | Ogibidea | Bizitokia |
1 | 232 milioi | Social media plataforma | AEB | ||
2 | @selenagomez | Selena Gomez | 133 milioi | Musikaria eta aktorea | AEB |
3 | @cristiano | Cristiano Ronaldo | 120 milioi | Futbol jokalaria | Portugal |
4 | @arianagrande | Ariana Grande | 117 milioi | Musikaria eta aktorea | AEB |
5 | @beyonce | Beyoncé | 111 milioi | Musikaria eta aktorea | AEB |
6 | @kimkardashian | Kim Kardashian | 107 milioi | Pertsonaia ezaguna | AEB |
7 | @taylorswift | Taylor Swift | 106 milioi | Musikaria eta aktorea | AEB |
8 | @kyliejenner | Kylie Jenner | 103 milioi | Pertsonaia ezaguna | AEB |
9 | @therock | Dwayne Johnson | 100 milioi | Aktorea eta borrokalari profesionala | AEB |
10 | @justinbieber | Justin Bieber | 96 milioi | Musikaria | Kanada |
11 | @neymarjr | Neymar | 88 milioi | Futbol jokalaria | Brasil |
12 | @kendalljenner | Kendall Jenner | 88 milioi | Modeloa | AEB |
13 | @leomessi | Lionel Messi | 87 milioi | Futbol jokalaria | Argentina |
14 | @nickiminaj | Nicki Minaj | 86 milioi | Musikaria | Trinidad eta Tobago |
15 | @natgeo | National Geographic | 85 milioi | Aldizkaria | AEB |
16 | @nike | Nike | 76 milioi | Kirol jantzi korporazio multinazionala | AEB |
17 | @mileycyrus | Miley Cyrus | 74 milioi | Musikaria eta aktorea | AEB |
18 | @khloekardashian | Khloé Kardashian | 72 milioi | Pertsonaia ezaguna | AEB |
19 | @jlo | Jennifer Lopez | 72 milioi | Musikaria eta aktorea | AEB |
20 | @katyperry | Katy Perry | 68 milioi | Musikaria | AEB |
21 | @ddlovato | Demi Lovato | 65 milioi | Musikaria eta aktorea | AEB |
22 | @kourtneykardash | Kourtney Kardashian | 60 milioi | Pertsonaia ezaguna | AEB |
23 | @badgalriri | Rihanna | 60 milioi | Musikaria | Barbados |
24 | @victoriassecret | Victoria's Secret | 59 milioi | Lentzeria konpainia | AEB |
25 | @kevinhart4real | Kevin Hart | 57 milioi | Komikoa | AEB |
Instagram darabilten estatubatuarren ehunekoak | |
---|---|
Guztira | % 28 |
Emakumeak | % 31 |
Gizonezkoak | % 24 |
18-29 urte | % 55 |
30-49 urte | % 28 |
50-64 urte | % 11 |
+65 urte | % 4 |
Hiritarrak | % 32 |
Suburbanoak | % 28 |
Landa ingurukoak | % 18 |
Pew Research Center ikerketaren arabera, Internet erabiltzen duten estatubatuarren artean %28ak Instagram erabiltzen du.
Batez ere erabiltzaile gazteak dira, plataforma erabiltzen duten 150 milioi pertsonetatik % 90 35 urtetik beherakoa baita. Pew Research-ek egindako ikerketaren arabera, Internet erabiltzen duten 18 eta 29 urte bitarteko estatubatuarren % 55ek Instagram erabiltzen du, eta 30-49 urte bitartekoen % 28k. 50 eta 64 urte arteko estatubatuarren artean % 11k soilik erabiltzen du Instagram.
Ikerketa beraren arabera, erabiltzaile gehienak emakumezkoak dira. Hain zuzen ere, Internet erabiltzen duten emakume estatubatuarren artean % 31k Instagram erabiltzen du, eta gizonezkoen % 24k.
Batez ere, erabiltzaileak hiritarrak eta suburbanoak dira, eta landa inguruko Internet erabiltzaileen artean %18ak soilik erabiltzen du Instagram.
Instagram argazkiak partekatzeko sare sozial hedatuenetarikoa dela uste bada ere, datuek diote egunean sarera igotzen diren argazkien %7a baino ez dela Instagram bidez egiten. Izan ere, Pew Research-en ikerketak argi adierazten du, Internet erabiltzen duten estatubatuarren artean %28ak baino ez duela Instagram erabiltzen.
2013ko urrian Instagramek Petra Collins argazkilari Kanadiarraren kontua ezabatu zuen bere pubiseko ilea agertzen zen argazki bat argitaratzeagatik, eta 2015eko urtarrilean Instagramek Australiako moda agentzia baten Instagram kontua ezabatu zuen antzeko arrazoiak zirela eta. 2015eko martxoan Rupi Kaur artistaren marrazki batzuk ezabatu zituzten, azpiko arropan hilekoaren odola erakusten zutelako. Facebook eta Tumblr plataformetan Instagramen zentsura salatu zuten “Ez gaituzte zentsuratuko” esanez.
Emakumezkoen titiburuak ere zentsuratzen ditu Instagramek, ez, ordea, gizonezkoenak. Horregatik #FreetheNipple traolarekin kanpaina hasi zuten sareko erabiltzaileek.
Instagram filtro edo iragazki ezagunak izateagatik identifikatzen dugu. Polaroid kameraren argazkiei aipamena egiten dieten filtroak dira:
"Weekend Hashtag Project” Instagramen sortutako proiektu bat da. Erabiltzaileak gai bati buruzko argazki bat igotzera bultzatzen ditu. Hau da, Instagram Komunitateak gai bat aukeratzen du, ostiralean gai hori zein den esaten da eta asteburuan zehar erabiltzaileek gai horretan oinarrituz argazkiak igotzen dituzte.