Konrad Adenauer (Kolonia, Alemania, 1876ko urtarrilaren 5a - Bad Honnef, Alemania, 1967ko apirilaren 19a) alemaniar politikari eta legegizona izan zen.
Kolonia hiriko alkatea (1917), naziek bazterturik (1933), Bigarren Mundu Gerraren ondoren Alemaniako Batasun Demokrata Kristauaren (CDU) sortzaileetakoa eta lehendakaria (1946). Alemaniako Errepublika Federala aldarrikatu zenean, kantziler hautatu zuten (1949). Barne-politikan sozializazioen aurka eta armada berrantolatzearen alde azaldu zen; kanpo-politikan, Ameriketako Estatu Batuekiko loturak sendotu zituen, Frantziara hurbildu zen, Alemania Federala NATOn sartu zuen, eta Europako Merkatu Batuaren oinarri bihurtzen saiatu zen. 1963an bere alderdikideek kargua utzarazi zioten.