María Cambrils | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Valentzia, 1878 |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Pego, 1939ko abenduaren 22a (60/61 urte) |
Heriotza modua | : eritasuna |
Familia | |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania katalana |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Espainiako Langile Alderdi Sozialista |
María Cambrils Sendra (El Cabañal, Valentzia, 1878 – Pego, 1939ko abenduaren 22a ) Valentziako idazle sozialista eta feminista bat izan zen. Autodidakta izanik, zutabegile eta irakasle gisa langile klaseko elite intelektualaren partaide izatera heldu zen. Langileen mugimenduaren hedabideetan artikulu ugari argitaratu zituen, batez ere El Socialista-n, PSOE - Espainiako Langile Alderdi Sozialistaren komunikabide ofiziala. Feminismo sozialista (1925) liburuaren egilea da, emakumeen eskubideen eta ekintza feminista eta sozialistaren erreferentzia.
Gurasoek Pegotik (Alacant) Valentziara migratu zuten. Aita langilea zen, eta ama analfabetoa. Maria Cambrils Valentzian bizi izan bere bizitzaren zatirik handiena. José Martínez Dolsekin ezkondu zen, seguru aski oso gazte. José hiltzean, Maríaren bizitzari buruzko ikerketak adierazten du identifikatu gabeko komentu batean bizi izan zela eta, agian, denboraldi batez moja izan zela. Bere idatzietan "komentuko bizitza" gogoratzen du eta agerian uzten du erlijio-testuak ezagutzen dituela, baina ez da datu zehatzik aurkitu. Hamarreko hamarkadan bere bizitzak izango zuen aldaketaren xehetasunak ere ez dira ezagutzen. Bere bikotekidea izango zena ezagutu zuen, José Alarcón Herrero jumillatarra, garai batean lider anarkista izandakoa eta aurrerago Espainiako Langile Alderdi Sozialistako (PSOE) kidea, Maria bezala.
Bere idatzietan azaltzen duenez, Valentzian auzoko batekin egindako irakurketa eta solasaldiei esker ezagutu zuen 'erredentzio proletarioaren' doktrina eta emakumeek zeregin horretan jokatu beharko zuten rola.
1924tik 1933ra bitartean, ehundaka artikulu idatzi zituen langileriaren prentsan, batez ere El Sozialistan. Esan daiteke hedabide horretan maiztasunez idazten zuen ia emakume bakarra izan zela eta bere artikuluak Espainiako sozialismoaren izen handienek —Pablo Iglesias, alderdiaren fundatzailea, Julián Besteiro, Andrés Saborit, Indalecio Prieto edo Largo Caballero—idatzitakoen artean argitaratu zirela.
Beste argitalpen batzuetan ere agertu ziren bere kolaborazioak: El Pueblo, El obrero de Elche, Revista Popular, El Obrero Balear, El Popular, Mundo Obrero eta La Voz del Trabajo-n, adibidez.
Askotan, Maria Cambrilsen testuen gaia emakumeen egoera izaten zen, eta baita ekintza feministaren beharra, bere ustez alderdiaren barruan ere gauzatu behar zena. Gizonezko alderdikideei sarritan aurpegiratzen zien ez zutela behar bezain gogotsu jokatzen haien kide emakumezkoen askapenaren alde.
1925ean, Feminismo Sozialista liburua argitaratu zuen Valentzian, Clara Campoamorren hitzaurrearekin. Liburuak oihartzun handia izan zuen, eta gaur eguneko historialariek funtsezkotzat jotzen dute ezkerreko feminismoaren bilakaeran. Halaber, bi kontzeptuek, ezkerrak eta feminismoak, duten harreman estuari buruz gaztelaniaz argitaratutako lehen lanetako bat izan zen, bertan azaltzen den feminismoa XX. mendearen lehen hereneko Espainiaren egoerarekin konprometitutako klase-feminismoa baita. Liburua Pablo Iglesiasi — maisu ohoragarria, Mariaren hitzetan—eskaini zion. Cambrilsek berak ordaindu zuen liburuaren edizio xumea eta haren salmentaz lorturiko dirua El Socialista aldizkariaren inprentarentzat izan zen. Honela zioen Maria Cambrilsek bere liburuaren sarreran:
"Liburu hau erosten eta irakurtzen duen gizon orok bere familiaren eta lagunen emakumeei aukera eman beharko die irakurtzeko, horrela lagunduko baitu emakumeek ere ezagutu behar dituzten herritarren askatasunen aldeko printzipioak zabaltzen".
Bilboko Clara Campoamor Elkarteak liburua berrargitaratu zuen 1992an.
1933an, osasun-arrazoiengatik, José Alarcónekin Pegora bizitzera joan zen. Alarcón bertako zinegotzia eta Elkarte Sozialistaren idazkari nagusia izan zen, eta baita UGTko zuzendaritza taldeko kidea eta Herriko Etxeko Administrazio Batzordekidea ere 1933tik 1939ra. Gerra zibila amaitzean, eta odol-deliturik ez zuela onartu zen arren, Alarcón Alacanten fusilatu zuten, Aquilino Barrachina eta Pegoko beste sozialista batzuekin batera, 1940ko apirilaren 11n. Alarcón kartzelan zegoela, María Cambrils bere ilobek zaindu behar izan zuten, gaixorik zegoen eta. 1939ko abenduaren 22an hil zen. Hobi batean lurperatu zuten, izenik eta hilarririk gabe.
María Cambrilsen biografiaren hainbat xehetasun berriki ezagutu dira. Gaur egun ezagutzen dugun Mariaren argazki bakarra Elvira Cambrils-ek 2004an argitaratu zuen lehen aldiz. Are gehiago, Rosa Solbes kazetariak dioenez, zenbait ingurutan pentsatu izan da María Cambrils gizon baten izengoitia zela, harik eta oraindik ere bizirik zeuden garaikideen testigantzei esker datu zehatzak lortu ziren arte, esate baterako, Leonardo Herández zenetista beteranoarenak edo Juan Bautista Pons Bigarren Errepublikako erasoko guardiarenak.
2015eko apirilean, Valentziako Unibertsitateak María Cambrils, el despertar del feminismo socialista izeneko monografia argitaratu zuen. Bertan, haren biografia, Feminismo Sozialista liburua eta 1924tik 1933ra El Sozialista, El Obrero Balear, El Pueblo, Revista Popular eta beste aldizkari batzuetan argitaratutako ehun artikulu baino gehiago biltzen dira. Lana Rosa Solbes kazetariak, Ana Aguado historialariak eta Joan Miguel Almela artxibozainak egin zuten, eta Carmen Alborchen hitzaurrea du.
2015ean goian aipatutako Valentziako Unibertsitateko ikertzaileek plazatutako liburuak —María Cambrils, el despertar del feminismo socialista— agerian utzi zuen María Cambrilsek funtsezko inflexio-puntua eragin zuela Espainiako garaiko sozialismoaren baitan ideia berdinzale eta feministen formulazioan.
August Bebel sozialista alemaniarrak eraginda, Cambrilsek bultzatuta honako hau idatzi zuen:
"Emakume langileok ezin dugu ahaztu sozialismoa dela feminismoa benetan defendatzen duen sinesgarritasun moralez beteriko indar politiko bakarra."
Eta bere lana honela definitu zuen:
"Injustiziaren, zapalkuntzaren, ezkontza banaezinaren eta bihotzak jasandako biolentziaren aurkako aldarria."
Cambrilsek, bere testuetan, sozialismoaren eta feminismoaren arteko ezinbesteko lotura defendatzen du, eta zalantzan jartzen du elizaren eginkizuna, bere ustez, ahulenen defendatzailearen espiritu errukitsua galdu duelako. Horiez gain, beste hainbat gai jorratzen dira sarritan bere idatzietan: emakumeen botoa, hezkuntza, amatasuna eta aitatasuna, nekazaritza-feudalismoa, antifeminismo mozorrotua, dibortzioa, munduko beste leku batzuetako aurrerapenak eta emakumeen arazoak, emakumeen antolakuntza... Langileen misoginiari ere aurre egiten dio. Bere lankide askok beren bikotekideen eta alaben prestakuntzaz eta berdintasunaz ez dutela inongo ardurarik hartzen kritikatzen du, eta gainera, sufragioaren alde borrokatzen ez dutela salatzen du. «Gaurko emakumeen helburua —dio— eskubideak partekatzea da, ez beren burua inposatzea, feminismoaren etsaiek axolagabeki dioten bezala. Ez dugu errukirik nahi justizia baizik».