Stephen Edwin King (1947ko irailaren 21a, Portland) AEBetako idazle ospetsu eta emankorra da, beldurrezko generoan espezializatuta. Richard Bachman ezizenarekin ere idatzi izan du; gainera, haren kontakizun asko bere sorleku Maine estatuan kokatuta daude. Idatzi dituen best-seller artean, The Dark Tower, The Green Mile, The Stand, The Shining, 'Salem's Lot, Carrie eta It daude. Haietako gehienak zinemaratu dituzte.
Stephen Edwin King 1947ko irailaren 21ean Portlanden, Maine, jaio zen. Haren gurasoak Donald Edwin King eta Nellie Ruth izan ziren. Stephen Kingek bi urte zituela aitak alde egin zuenez familia egoera ekonomiko txarrean utzita, haurtzaroa eta gaztaroa diruz eskas bizi zituen. Erlijio heziketa metodista izan zuen eta heldutasunean hala izaten segitzen du. Durham Elementary Eskolan ikasi zuen eta Lisbon Falls Institutuan graduatu. Oso gazte hasi zen idazten entretenimendu gisa bere anaiaren aldizkarian eta, geroago, ikusitako filmetan oinarritutako ipuinak bere ikaskideei saltzen hasi zen. Argitaratu zioten lehen ipuina I Was a Teenage Grave Robber izan zen Comics Review aldizkarian 1965ean. 1966tik 1970era Maineko Unibertsitatean ikasi zuen ingelesez arteetan lizentziatura lortu zuen arte. Ikasketak ordaintzeko lan-saio erdiko hainbat lanetan jardun zuen. Bertako liburutegian ezagutu zuen 1971n bere emaztea, Tabitha King.
Unibertsitatea amaituta eta institutuetan irakasteko ziurtagiria lortuta, ez zuen irakasle lanik berehalakoan aurkitu eta diruren bat lortzeko gizonezkoentzako aldizkariei istorio laburrak saltzen zizkien. Tabitharekin ezkondu ostean, Hampden Akademian lana lortu arren, aldizkarietarako istorioak idazten eta nobelentzako ideiak biltzen segiitu zuen. Garai hartan, Kingek alkoholarekin arazoak izan zituen eta hamarkada batez, hainbat menpekotasun ere bai .
1973an argitaratu zuen Carrie, bere lehen nobela, Doubleday argitaletxearen bidez. Nahiz eta hasieran Stephenek zakarretara bota zuen, amore emanda, emazteak berreskuratu eta amaitzera animatu zuen. King eta bere familia Mainera joan ziren amak minbiziak jota gaixotu eta aurrerago hil baitzen. Garai hartan idatzia da Salem’s lot (1975ean argitaratua), hasieran Second coming izendatua.
Amaren heriotzaz geroztik, The Shining (1977an) eta The Stand (1978an) idatzi zituen, etxe aldaketa batzuk bitartean izan zituela. 1977an Mainera behin betikoz itzuli eta bertako unibertsitatean sormenezko idazketa irakasten hasi zen.
1985ean Heroes for Hope Starring the X-Men komikian hartu zuen parte, beste egile batzuekin batera, Afrikako gosetearen aurkako dirua biltzeko.
1978 eta 2004 artean, The Dark Tower saila idatzi zuen. Protagonista Roland da, Gizon Ilunaren bila dabilen pistolari bakartia, Tolkienen eta Mendebalde Urrunaren arteko nahasketa dirudien mundu alternatibo batean. Hasieran, zaletu multzo txiki batek bakarrik atsegingo zuelakoan, ale gutxi argitaratu zituen, baina arrakastaren ondorioz 1980ko hamarkadaren bukaeran modu komertzialagoan atera zituen. Lehen eta azken liburuen artean tarte handia zegoenez, Stephenek lehenengo alea gainbegiratu eta egokitu zuen, estilo eta itxuraz antzeragokoak izan zitezen.
1970-1980 hamarkadetan Stephen Kingek zenbait nobela idatzi zituen Richard Bachman ezizenaz. Hasiera batean, argitaratze irizpideek ziotenez idazle batek urtean liburu bakarra atera zezakeen eta modu horretara urtean bitan kaleratu ahal izan zituen. 1985ean, goitizena agerian geratu eta gero, Richard Bachman “hil” egin zen. Rage (1977), The long walk (1979), Roadwork (1981), The running man (1982), Thinner (1984), The regulators (1996) eta Blaze (2007) idatzi zituen (haren esanetan, azken hori ganbara batean “aurkitu” zuen). Tarteka erabili dituen beste bi ezizen John Swithen eta Beryl Evans dira.
2000. hamarkadatik aurrera zenbait formatu digitaletan idatzi du; Web bidez atalka (The Plant), animaziozko sail gisan jaits zitekeen nobela bat (''N.''), Amazonentzat soilik idatzi zuen liburu digitala (Ur) eta beste.
1999an furgoneta batek harrapatu eta larriki zauritu zuen Stephen King. Hainbat ebakuntza eta errehabilitazio lanak egin ondoren, idazteari ekin zion berriz ere, nahiz hasieran mina zela eta denbora jarrai gutxian ahal zuen. 2002 urtean, idazteari utziko ziola adierazi zuen, dirudienez, zauriek eta minek mugatzean sortzen zioten frustrazioagatik. Aurrerago berriz ekin dio lanari baina, bere esanetan, “oso mantxo”. Hala ere, Stephen Kingek idazle oparoa da oraindik, XXI. mendeko lehen hamarkadan, beste batzuen artean, Cell (2006), ''Duma Key'' (2008), Under the dome (2009). Azken hori It (1986) idatzi zuenetik, haren lanik luzeena da, 1074 orrialde baititu, 22/11/63 (2011), Joyland (2012), The Bazaar of Bad Dreams (2015) eta abar.
Bere betiko ildotik pixka bat ateraz eta beldurra eta fantasia alde batera utziz, misteriozko nobela poliziako bat idatzi zuen, Mr. Mercedes (2014), trilogia baten lehen zatia, Finders Keepers (2014) eta End of Watch (2016) liburuek burutua.
Zenbaitetan, bere seme Joe Hill eta Owen Kingekin idatzi izan du, hala nola, Throttle (2009) Joerekin eta Sleeping Beauties (2017) Owenekin. Beste zenbait idazlerekin ere nobelak argitaratu ditu elkarlanean, adibidez, Peter Straub, Stewart O'Nan, Richard Chizmar eta abar.
Bere idazle ibilbidean zehar, sari ugari jaso ditu, besteak beste:
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Stephen King |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Stephen King |